Geure hiria omentzeko aitzakipean, aurten, parrandazaleek Bilbo omentzeko mozorroak landu bitartean, Bilboko Konpartsok Madrilesek buruhandia egin dugu. Bilboko Zazpikaleetan bizi eta hil zen pertsonaia historikoa omentzeko, Aratusteetako domekan, martxoaren 2an, 13:30ean, buruhandiaren aurkezpen ekitaldia egingo dugu Txakur kaleko iturrian.
Madriles, Kastillako hiri hartatik etorri omen zen eta Bilboko Alde Zaharrean bizi zen etxegabea zen. Kartoiak biltzen lortutako diruarekin, Barrenkaleko tabernak alaitu eta bertako bizilagunak animatzen zituen bere hitz jakintsuekin. 1983ko uholdeetako Zazpikaleetako hildako bakarra ere izan zen; Barrenkaleko taberna batean lo egiten ari zela ito zuen abuztuaren 26 hartako lokats olatuak. Ezagutu zutenek, hala ere, haren memoria bizi-bizirik mantendu dute.
Horren adibidea da domekan Madriles omentzeko eta buruhandia aurkezteko egingo dugun ekitaldia.
Ane Zabala eta Mikel Martinez aktoreek gidatuko dute ekitaldia, gaiteroek girotuko dute, eta, nola ez, Bilboko zazpi buruhandiak ere bertan izango dira. Halaber, Madriles buruhandia sortu duen artista izango da bertan: Galder Anton Martinez, ogibidez atrezzo eta eszenografialaria. Jantzigintzari dagokionez, Nati Ortiz de Zarate eta Angélique García jostunak arduratu dira Madriles janzteaz. Lan benetan berezia izan da xarma handiko pertsonaia historikoaren buruari gorputz bat ematea, haren jantzia berregitea, pertsonaiaren atal esanguratsua baita.
Madriles omentzeko ideia buruan genuela, ezin izan dugu urte aproposagoa aukeratu; izan ere, aurtengo Aratusteetako gaia Bilbo izango da. Gure hiria, Bilbo omendu nahi izan dugu, eta, gai hori proposatu dugu bilbotarrek euren sormenari eragin diezaioten memoria historikoko ariketa bat egin bitartean. Batzuek aurreratu digute Marijaiaz beraz mozorrotuko direla, Euskaldunako langilez, karolinaz, athleticzalez edota Bilboko hainbat pertsonaia historikoz ere.
Horretarako, urtero bezala, Aratusteak gozatzeko sei eguneko programazioa prestatu dugu, lehena aurreko zapatuko Kopla txikietan ikusi genuen: hementxe Flickrreko argazkiak. Datozen egunetan, eguenean hasita, aurtengo Farolin eta Zaranbolasen -Josu Kamara aktorea eta Oihana Bartra bertsolaria- ikusiko ditugu, eta baita bilbotarren sormena, umore ona eta bihurrikeria ere, Bilboko kaleak hartzen.
Egitarau osoaren kartela atxikita doa, baita Madriles buruhandiaren aurkezpen ekitaldiaren deialdia ere. Espero zaituztegu!
Datozen egunotako programazioaren hitzordu nagusiak
The post Madriles buruhandi berriaren aurkezpena egingo dugu Aratuste Domekan appeared first on Bilboko Konpartsak.