Bandera marroi eta urdina, Palmada Saria eta ur jolasen sariak banatu ditugu, besteak beste, gaur arratsaldean.
Eguraldiak ez du lagundu eta konpartsen arteko herri kirolak bertan behera geratu behar izan dira gaurkoan. Hala ere, arratsaldea aprobetxatu dugu hainbat sari banatzeko.
Horien artean, Bandera urdina eta marroia banatu dira, urtero Bilboko Konpartsak federazioak, hurrenez hurren, jaiak lagundu eta oztopatu, jaien aldeko eta kontrako ekarpena egin dutenak nabarmentzen ditugu bandera horiekin.
Bandera urdina Mbolo Moye Doole elkarteko lagunentzat izan da, Bilboko manteroekin elkartasun eta elkar babes harreman polita garatu dugu azken aldian, eta jazarritako kolektibo honen ordezkari jatorrak nabarmendu nahi izan ditugu bandera urdinarekin.
Bandera marroia, bestalde, Bizkaiko Foru Ogasunarentzat izan da, bizkaiko jai batzorde eta herri mugimenduetako txosnei Ticketbai sistema derrigorrez eta modu itsuan ezarriz, herri jaiak oztopatu eta kaltetzeko egindako ahaleginagatik. Ez dira jasotzera etorri, baina lasai egon daitezela: nahi badute, bandera bidaliko diegu, fakturarekin, noski.
Palmada Saria ere banatu dugu gaurkoan, konpartsen arteko lehian, Aste Nagusian ahalik eta ekitaldi gehienetan ibilita, berebiziko parte-hartzea izan duen konpartsa nabarmentzeko asmatutako saria dugu. 2024ko aukeratua Altxaporrue izan da. Biba zuek!
Horiez gain, piraguen sariak ere banatu ditugu konpartsei dagokienez. Piztiak lehenengo postuan geratu da eta Aixeberri bigarrenean.
Gaurko argazki guztiak gure Flickr kontuko albumean.
The post Konpartsen sariak banatu ditugu appeared first on Bilboko Konpartsak.