2024-08-23 21:22
Konpartsakideak gaurko elkarretaratzean Areatzan. (Erabilera librea).

Hainbat gauetan era guztietako eraso matxistak gertatu ondoren, konpartsek, erasoen aurkako protokoloa berriro aktibatuta, elkarretaratzea deitu dute gaur arratsaldean Areatzan, “Erasoen gainetik… Aste Nagusia defendatu” lelopean. Hau da Bilboko Konpartsak federazioaren izenean Janire Mampasik eta Noe Lucendok adierazi dutena, gaurko elkarretaratzearen amaieran:

Berriro bildu behar izan gara hemen, tamalez, indarkeria sexista salatzeko. Azken egunotan ugaritu egin dira era guztietako eraso matxistak. Adibide zehatzik ez dugu deskribatuko, baina ikutzeak, baboseoak, bideo grabaketak, eraso fisikoak eta beste asko izan dira, denetan erasotzaileak gizonezkoak izanik eta, kasu batean, gainera, adingabeak tartean zirela.

Hainbat kasutan, txosnetara jo dute erasotuek, baita txosnagunetik kanpo izandako erasoen ondoren ere. Datu horrek adierazten digu erasotuek, oro har, aterpe fidagarritzat dutela Bilboko konpartsen ingurua eta jakitun direla gure babes eskaintza zintzo eta sendoaz. 

Baina datuek beste egiaztapen tristeago bat ere adierazten digute: nahiz eta Bilboko Konpartsek eta beste hainbat eragilek erasoen aurkako mezu argia aditzera eman, nahiz eta asteazkenean erasoen aurkako protokoloa piztu, erasoak ez direla murriztu, aitzitik, areagotu egin direla. Badirudi erasotzaileek ez dutela ulertzen gurean ez direla ongi etorriak. Itzuli egiten dira eta, gainera, jarrera bortitzago batekin. 

Egoera hau ezin dugu onartu. Aski da! Jaietara erasotzeko asmoz datorrenak jakin dezala ez garela geldi geratuko, baina hori ez da gure ardura bakarrik, denona baizik. Aste Nagusia hasi aurretik aipatu genuen jendearen kontzientziazioa ezinbestekoa dela, eta jaigunera edonor gerturatzeko deia egiten dugu, baina lanketa hori nork bere etxetik eginda ekarri behar du. Konpartsakideen lana erraztu egin behar da guztiok jaiez gozatu ahal izateko. GUZTION ardura da giro osasuntsua sortzea eta babestea. Horregatik, dei egiten diogu jende guztiari: erasoen aurrean BETI aurre egin, salatu eta biktimak lagundu, ez geldi geratu eta ez bihurtu konplize!

Gertatutakoak ikusirik, atzo protokoloren bigarren faseari hasiera eman genion. Zer esan nahi du horrek? Bart gauerdian eta goizeko ordu bietan jaiak eten genituela kazerolada batekin jakinarazteko erasoak ez direla txosnagunean onartuko. Argi gera dadila jaiek aurrera egingo dutela, eta guztiontzat  direla. Guztion eskuetan geratzen da giro osasuntsua sortzea non guztiok jaiez modu libre eta seguruan gozatu ahal izango dugun.

Gora Aste Nagusi libre eta segurua denontzat!

The post Etenik ez duten erasoei aurre egiteko, denon ardura aldarrikatu dute konpartsek appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara