2022-08-16 10:34

Bilboko konpartsok oso argi daukagu: erasorik gabeko Aste Nagusia nahi dugu: “guztiok seguru egon eta senti gaitezkeen moduko Aste Nagusia, urteetan zehar defendatu izan dugun bezala”. Garazi Askazibar eta Nerea Matute gure bozeramaileek azaldu dutenez gaur goizean Bilboko Areatzaren kioskoan, Bilboko konpartsek “nekerik gabe” dihardugu “berdintasunezko jai-gune inklusiboa eraikitzeko bidean”.

Garazi Askazibarren hitzetan, “hori da gaur, hemendik, aldarrikatzen dugun hori: erasoen gainetik, Aste Nagusia defendatu! Hori bera esan nahi dutelako jai hauek eta hori bera delako Aste Nagusiak defendatzen duena: guztiontzako gune alai, eroso eta segurua. Beldurrak ez du lekurik gure jaietan, ez du inoiz izan. Erasotzaile bat ere ez da ongietorria hemen”.

Pandemiagatik azken urteetan izandako etenaren ondoren, Bilboko Konpartsok ulertzen dugu ezinezkoa dela izatea jaietarako gogoa dagoena baino handiagoa. “Baina”, nabarmendu du Askazibarrek, “ezin zaigu ahaztu Aste Nagusia guztion gozamenerako dela. Eta gaua gurea ere badela oso argi geratzea nahi dugu. Gurea: emakumeona, migratzaileona eta LGTBI kolektiboa osatzen dugunona. Alegia, hauek jai pluralak eta anitzak egiten dituzten guztiona”.

Konpartsok mezu argia igorri diegu erasotzaile izateko marra gorria gurutzatu dutenei: “errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu Bilboko konpartsok. Ez zaitugu hemen nahi. Ez duzu lekurik gure Aste Nagusian. Erasotuz gero, aurrean izango gaituzu. Prest gaude, autodefentsa da gure tresna eta jadanik ez dugu beldurrik. Argi utzi nahi dugu aipatutako jai-eredu seguru horren bidean, irmo erantzungo diogula edozein motatako erasori: matxista, arrazista edo LGTBIfobikoa izan”.

Askazibarrek eta Matutek gogorarazi dutenez, “Bilboko konpartson erasoen aurkako lantaldeak protokolo espezifiko eta propioa dauka. Betiere mota horretako gertakariei aurreratzen eta edonolako eraso ekiditzen saiatzen gara, izan ere, uste dugu soilik orduan lortzen dela denontzako Aste Nagusia sortzearen gure helburua”.

Erasotuei laguntza eta elkar zaintza

Konpartsok gure kideen laguntza eta babesa eskaini diegu erasoren bat pairatu dezaketen pertsonei: “jakinarazi nahi dizuegu erasotua izanez gero, konpartsakideok antolatuta eta ekiteko eta laguntzeko prest gaudela. Beraz, inolako erasoren aurrean edota inolako laguntzarik behar izatekotan, ez itzazu dudarik izan eta edozein txosnara jo. Hemen, elkar zaintzen dugu”.

Azkenik, Garazi Askazibarrek iragarri du urtero bezala, Bilboko konpartsok bilbotarren elkartasun sozialari helduko diogula, protokoloa aktibatzekotan, bat egin dezaten antolatutako mobilizazioekin. Erantzuna erasoaren larritasunaren araberakoa izango da, baina hasiera batean, Arriaga plazan mobilizazioa egingo da 19:00etan. Txosna guztiek zerbitzatzeari utziko diote eta itxita egongo dira mobilizazioak iraun bitartean. Gainera, 00:00etan kazerolada izango da, zeinetan txosnak eta programatutako ekintzak 20 minutuz etengo diren.

The post Erasoen gainetik, Aste Nagusia defendatzera deitu dugu konpartsok appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara