2024-08-26 15:15
Nagore Ugarte txupinera eta Itziar Ituño pregoilaria, 2024ko Aste Nagusiko txupinaren kalejiran

Bilboko Konpartsok aurtengo Aste Nagusiari agur esan diogu, Marijaia atzo erre ostean. Gazi-gozoak izan dira nagusi aurten; gozoak, benetan gozoak batzuk, baina beste kontu negatibo batzuk ere erdigunean egon dira. Alde negatiboan nabarmendu nahi izan ditugunen artean eraso sexistak, manteroen aurkako jazarpen poliziala, hainbat konpartsatako txosnek jasan dituzten zentsura saiakerak eta udalak jarritako traba tekniko batzuk daude.

Lehenik eta behin, Bilboko Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra salatu nahi dugu, bereziki manteroekiko aste osoan izan dutena, horregatik Mbolo Moye Doole manteroen elkarteari bandera urdina eman genion larunbatean, elkartasun adierazpen gisa. Udaltzaingoaren jarrera oldarkor horrek, baina, atzokoan izan zuen unerik gorena, mantero baten atxiloketa bortitzarekin eta ondorengo indar erakustaldi eta eskalada arriskutsu arduragabearekin, Areatzako zubira ekarritako ehunka poliziak oldartu egin zitzaizkien manteroei eta haien alde agertutako herritarrei, borra kolpeka eta Areatzara kargatzen sartzeko mehatxuekin.

Hemen, ehunka konpartsakide eta herritarren kuraia zibikoa nabarmendu nahi dugu, eskutik elkar hartuta, eta biolentoei era baketsuan aurre eginez, Areatzako zubia hartu eta poliziak alde egin arte irmo mantendu zirelako, mehatxuak eta beldurrak gorabehera.

Oso positibotzat jotzen dugu herritarrek erasotzaile hauen aurrean erakutsitako kontzientziazioa, izan ere, jaiak hasi bezperan esan genuen erasoen aurrean ez ginela geldi geratuko eta era guztietako erasotzaileei aurre egingo geniela aurreratu genuen, eraso arrazista eta xenofoboak barne, eta herritarrek bat egin dute horrekin. Areatza elkarbizitza baketsuaren eta adierazpide libreetarako gunea izan behar da, Aste Nagusian bereziki, eta izaera horren zaintza denoi dagokigu.

Aurten, tamalez, berriro ere eraso sexistak gertatu dira jaigunean eta bertatik kanpo. Ezein eraso ez da onartua izango eta, aurten bezala, etorkizunean ere behar den guztietan salatuko dugu: errespetuz egoten ez dakienari ez dadila etorri!

Horrez gain, kezkatuta gaude Bizkaiko ogasunak ezarriko duen TicketBai sistema dela eta, eta jai herrikoien defentsa sutsua egin dugu, Zaindu maite duzun jai hori lelopean, konpartsak eta herri eta auzoetako jai batzordeak negozioak ez direla azpimarratuta. Horregatik, aurtengo bandera marroia, jaiak oztopatzen dituen erakunde edo eragileari ematen zaiona, Bizkaiko Foru Ogasunarentzako izan da.

Bestalde, udalak Areatza erdian puntu beltz bat eraiki nahi izanari oso larria deritzogu, hiri-altzaria babesteko aitzakian herritarren segurtasuna arriskuan jarrita. Are, konponbidearen bilaketan izandako jarrera eskasa azpimarratzekoa iruditzen zaigu.

Hala ere, orotara, Aste Nagusiaren balorazio positiboa egiten dugu, parte hartzeari eta ekintzen aniztasunari dagokionez. Lehiaketa gastronomikoan partaidetza ona egon da, tortilla txapelketaren arrakasta zalantzarik gabea da, baina bakailaoa, pistoa, sukalkia, txipiroiak eta marmitakoak ere hainbat sukaldari erakartzen dituzte. Ezin ahaztu gastrotxikiaren arrakasta, beste urte batez haurrak sukaldean trebatzeko ekintza paregabea dena. Horrez gain, azken igandeko munduko plateren ekimena indartzen jarraituko dugu, edizio bakoitza osagai baten bidez.

Euriak ekintza batzuk bertan behera uztera behartu gaituen arren (pena handiz, izan ere, aurten goitibeherak Zabalbidetik behera ezin izan ditugu ikusi), iaz lehen aldia izan zuten ekintzek euren lekua hartu dute, skate eta rap-aren kasua da hau. Kirolariek aurten ere gogotsu hartu dute parte, Hiri Krosean, aipatutako skate-an eta partaidetza ehuneko berrogeita hamarrean igo duen piraguen jaitsieran ere. Hau guztia posible egiten du konpartsakideen lan bolondresak, baita konpartsekin elkarlanean aritzen diren hainbat eragileren laguntzak ere. Eskerrik beroenak eta besarkada handia guztiei.

Bukatzeko, aurtengo bikote protagonista aparta nabarmendu nahi dugu, Nagore Ugarte txupinera eta Itziar Ituño pregoilaria. Bihotzez eskertu nahi dugu izan duten jarrera. Parte-hartzearen eredu eta ahizpatasunaren ikur bihurtu dira. Bilbotar guztien bihotzen zatitxo bat haiena da dagoeneko. Horrez gain, ezin dugu ahaztu bilbotarrei eskerrak ematea, zuei esker ateratzen da aste eder hau aurrera. Hori dela eta, datozen edizioetara etortzeko gonbita luzatu nahi dizuegu, gure jai inklusibo, feminista, parte-hartzaile, euskaldun eta herrikoiak elkarrekin eraikitzen eta gozatzen jarraitzeko.

Argazki guztiak gure Flickr kontuko albumean, eta laster bideo laburpena gure Youtube kanalean.

Hurrengora arte, Marijaia!
Gora Aste Nagusia!

The post Bilboko Konpartsen 2024ko Aste Nagusiaren balorazioa appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara