2024-08-09 12:09

Badator Aste Nagusia, eta baita jai aste horretako eskaintza gastronomikoa ere. Dena berritzen den bezala, gure ohiko Lehiaketa Gastronomikoa ere urtero berritzen da, eta nobedade eta produktu fresko batzuk dakartzagu. Gaur goizean aurkeztu du Bilboko Konpartsen Federazioak aurtengo gastronomikoaren programazioa.

Beti bezala, hilaren 19tik 24ra bitartean, astelehenetik zapatura, Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomiko herrikoia izango dugu, Areatzako lurrean bertan, gasarekin kozinatutako plater gozoenak saritzekoa. Astelehenean, pisto % 100 begetala izango da, janari jasangarri eta osasungarria aldarrikatzeko konpromisoaren eskutik. Lehiaketan aurkezteko, garrantzitsua da arrautzarik gabeko platera izatea. Martitzenean, patata tortilla lehiaketa ospetsua izango dugu; eguaztenean, txipiroiak tintan; eguenean, sukalkia; barikuan, bakailaoa pil-pil eran; eta zapatuan, ohi bezala, marmitako txapelketa izango da. 

Azken domekan, abuztuaren 25ean, pasta lehiaketa herrikoia izango da, gastronomia lehiaketatik kanpokoa, baina sariak izango dira ere, txapelak, garaikurrak eta sari ekonomikoak, ohi bezala. Zezen buztana desagerrarazi dugu eta pasta lehiaketa aukeratu, hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, jaien izaera herrikoia babesteko, sukaldarien aniztasuna bermatuz eta txapelketa denon eskura jarriz. Pasta munduko txoko guztietan kozinatzen da, era ezberdin askotan, eta makarroi plater gozo-gozo bat izan dezakegu 10 minututan, baina baita mimoz prestatutako delicatessen gutizia bat ere. Hori dela eta, Aste Nagusiko azken zapatuaren ostean indarrak berreskuratzeko, txapelketan parte hartzera animatu nahi ditugu Bilbo eta inguruko sukaldari eta pastazale guztiak.

Lehenengo domekan, 18an, goizean zehar, barazki parrillada solidarioa izango da Areatzan. Beste parrillada solidario bat ere izango da bertan Aste Nagusiko bigarren zapatuan, 24an, hegaluze parrillada. Horrez gain, Aste Nagusian zehar, beste hainbat ekintza gastronomiko izango dira, hala nola baserritarren Gure Lurreko Merkatua, ardo dastaketak eta hainbat tailer, beste batzuen artean, kontserba eta koktel tailerra (programazio osoa app.bilbokokonpartsak.eus web aplikazioan).

Umeentzat ere, ekintza gastronomikoak izango dira goizeetan, gastrotxikia, hain zuzen ere. Areatzan izango da, astelehenean (19), eguaztenean (21), barikuan (23) eta domekan (25).

Ezin ditugu Aste Nagusiko eskaintza gastronomiko aberatsa errazten diguten babesleak aipatu gabe utzi: Erriberako Merkatua, BM, Eusko Label, MercaBilbao, Bizkaiko Txakolina, Euskal Sagardoa, Coca Cola, Zazpikaleetako Merkatarien Elkartea eta, laguntzaile gisa, Bilboko Udala.

The post Aste Nagusiko Lehiaketa Gastronomikoa aurkeztu dugu appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara