2024-06-26 17:47

2024ko Aste Nagusiko Txupinera eta Pregoilaria nortzuk izango diren iragarri du, gaur arrastian, Bilboko Jai Batzorde Mistoak. Nagore Ugarte eta Itziar Ituño izango dira, hurrenez hurren, aurtengo Txupinera eta Pregoilaria.

Nagore Ugarte Ruiz izango da txupinari, Aste Nagusiaren hasiera markatzen duen suziriari, sua emateko ohorea izango duen konpartsakidea. Txinbotarrak konpartsako kidea da, 40 urteko bilbotarra, bere konpartsa bezala Zorrotza auzokoa hain zuzen ere, eta irakaslea lanbidez. Mendizalea ere bada Nagore eta, ahal duenean, tartetxoak ateratzen ditu mendira igotzeko, nahiz eta, aitortu digunez, bi seme-alaba izan dituenetik “oso denbora gutxi daukat niretzat”. Familia eta lagunak dira bere lehentasunak: “Eurekin ahal beste denbora pasatzen eta disfrutatzen dutenetarikoa naiz, betiko geratzen diren momentuez gozatzen”, esan digu.

Txinbotarren sorreratik dabil konpartsan, eta txandak egiten, txosna muntatzen, panela margozten, bazkariak prestatzen… danean egoten saiatzen da. “Aste Nagusian gehien gustatzen zaidana, bazkal ostean mahai inguruan luzatzen diren tertuliak dira. Txinbotarrak konpartsan familia bat osatu dugu (elkarrekin barre egin dugu, negar, mozkortu, haserretu eta berriro besarkatu…) eta kriston ohorea izango da txinbotxupinera izatea”, azaldu digu Nagorek.

Itziar Ituño Martinez aktorea izango da aurtengo Pregoilaria. Bere hitzetan, “basauritar erdi-naparra, taula gainean bere saltsan dagoen lotsatia, hortaz, kontraesankorra muin-muinean”. Gorria eta morea ditu gustuko, musikaz gozatzea, dantzatu eta abestea, eta katuak maite ditu. “Guraso langileek hazi eta hezia, aktore gisara ezagutuko nauzue beharbada, baina beste gauza asko ere banaiz”, aurreratu digu, bere burua aurkeztea eskatuta.

Ikasketaz soziologoa da Ituño, eta soziologia urbano-industrialean eta politikoan espezializatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, baina berak esan bezala, aktore moduan ezaguna da, ibilbide emankor eta arrakastatsua izan baitu Basauriko Antzerki Eskolan “lotsa kentzeko” ibili zen garaietatik hona. 1994an hasi eta 2012 arte jardun zuen euskaldunontzat mugarria bilakatu zen Goenkale telesail aitzindarian. Gerora hainbat film eta telesailetan aritu da eta, azken urteotan, Euskal Herritik kanpo ere ospe handia hartu du, La Casa de papel seriean parte hartu ondoren. Horrez gain, besteak beste, Loreak, Errementari , Ilargi guztiak eta Irati filmetan, eta Alarde, Intimidad zein Touré detektibea telesailetan ikusi ahal izan dugu azkenaldion.

Bere Txinbotarrak konpartsa bezala, Zorrotza auzokoa da Nagore Ugarte, aurten txupinera izango den konpartsakidea

Urtero, zozketaz aukeratzen da azken boladan Txupinerarik izan ez duten konpartsen artean zein konpartsari dagokion txupinera aukeratzea. Konpartsa horrek, ondoren, emakume bat aukeratzen du bere baitan, rol hori joka dezan. Pregoilaria, berriz, Jai Batzorde Mistoak aukeratzen du.

The post 2024ko Aste Nagusiko Txupinera ta Pregoilaria iragarri ditugu appeared first on Bilboko Konpartsak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
1978an, hainbat faktoreren metaketaren ondorioz sortu zen Bilboko jai eredua. Eredu hau bakarra dugu munduan, konpartsek -herri jatorriko taldeak- Aste Nagusia sortzeko eta antolatzeko duten rol garrantzitsuagatik. Denbora asko igaro da ordutik, bai, baina batzuek, euren besaulkitik egungo gizartearen pasibotasuna aldarrikatzearekin batera “urte zoragarri haiengatik” krokodilo negarrak isuritzen dituzten bitartean, Bilboko jai eredua zuzendu beharreko arazotzat daukate, goitik behera antolatuz, agintekeria behingoz inposatzeko desiatzen baitaude. Bilboko Konpartsen Federazioak, aldiz, ilusio hartako sugarra pizturik mantentzen du: gogotik egiten dugu lan urte osoan eta gure helburua jaiak -Aste Nagusia, San Tomas, inauteriak eta auzoetako jaiak- herritarrek herritarrentzat eginak izatea da. Elkarbizitza posible dela uste dugu, ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik. Instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin konforme ez gaudenok konpartsetan biltzen gara. Konpartsok ezberdinak gara, jaia gara