Testua eta argazkiak: Gari Garaialde
Duela 33 urte bide berri bat abiatu zuen Orexako udalak. Ez zuen argi nora eramango zuen bide hark, baina, bidea egiteak merezi zuela pentsatuta, ibiltzeari ekin zion. Orexa herri bizi eta bizigarri bat izan zedin zen helburua, eta, horretarako, 1991an, lehen sektoreko lanpostu batzuk sortu eta herriko gazteak bertan lanean geratzeko aukera izan zezaten errazteko, Oihan Txiki kooperatiba sortzeko prozesuan murgildu zen.
Langileek berek sustatutako proiektua zen; beraz, bide hartatik lortuko zen azken emaitza kooperatiba bat izango zela argi zuten bultzatzaileek, Garbi ez zegoena ordea bidea nola egin zen. Lurrak jabe partikular ugarirenak ziren, eta, haien bateratzea lortzeko, lan handia egin beharra zegoen. Dena den, udalak jende ezberdinekin akordiotara heltzeko kapazitatea zuen; beraz, udalaren babesa ezinbestekoa zela ondorioztatu zuten. Instituziotik, ez zen laguntza ekonomikoa bilatzen zena, proiektuari eman ziezaiokeen babes soziala baizik. Babes hori ahalik eta modu naturalenean eman asmoz, udalak, sorreran parte hartzeaz gain, kooperatibako bazkide-laguntzaile ere izango zela erabaki zuen. Gaur egun, beharbada, arruntagoa da udalak kooperatiba ezberdinetako bazkide laguntzaile paperean ikustea, baina, garai hartan, nahiko erabaki berritzailea izan zen.
Oihan Txiki, izan ere, herritik sortua eta herriaren garapena helburu duen proiektua da, auzolanean sortutakoa, ekonomia zirkular eta tokikoa eta iraunkortasuna dituena oinarri, eta ekoizpen prozesuaren fase guztiak kontrolatzen dituena. Kooperatibismoa eta herrigintza dira Oihan Txiki nabarmentzen duten baloreak. Gaur egun, 7 langile bazkide ditu eta Gipuzkoako latxa artalde handiena osatzen duten 1.500 burutik gora dituen artaldea gobernatzen dute, 4 artzain-txakurrekin batera. Kooperatibak Ardi esne freskoa eta ardi esnearekin egindako barietate ezberdinetako gaztak merkaturatzen ditu.
Zenbait urteren ondoren, 2012an, Oihan Txikik berritze bat behar zuela eta beste logika bat ematea merezi zuela pentsatu zuten. Herria bizirik mantentzea zer izan zitekeen hausnarketari bide eman zioten, eta udalak Orexarentzako klabeak izan zitezkeen aktibitate batzuk identifikatu zituen.
Proiektu bakar bat bultzatzea zen udalaren hasierako asmoa: Oihan Txiki sortzea, baina, herria bizigarri egiteko ahaleginean, lerro estrategiko batzuk identifikatu, eta lerro horiei tiraka hasi zen lanean. Orduko alkate zen Eneko Maiozen hitzetan, ez omen zekiten herri proiektu bat egiten ari zirenik. Dokumentu baten beharra ikusten zuten: Orexak zer duen, zein behar mota dituen eta zer eskaini dezakeen identifikatu. Dokumentu horren asmoa zen proiektu berrietarako diru-laguntza eskaera guztiak bideratzeko balio lezakeen ibilbide orri bat sortzea. Hau da, proiektu guztiak aterki beraren azpian sartzea baimenduko zien dokumentu bat. Ohartu gabe, herri proiektu bat zuten esku artean, estrategikoki garrantzitsuak ziren ildoak udaletik laguntzen ahalbidetuko ziena. Izena baino ez zuten falta.
Herri estrategiaren funtsa zen Oihan Txikirekin jarraitutako bera. Gazte ugari dago herrian, gaur egun, 104 biztanle ditu Orexak, eta, heren bat, 25 urtez azpikoa da. Udalaren erronka nagusia zen gazteak herrian geratzea, eta, horretarako, herriari bizia eman behar zitzaion.
2012an oso urrun ikusten bazen ere, energiaren gaia jorratuko zuen proiektu batek izan zezakeen garrantzia jarri zen mahai gainean. Orexako herria hegoaldera begira dago, eta egun guzian du eguzkia (Euskal Herriko ipar isurialdean hori esatea erdi gezurretan aritzea bada ere). Hartaz, eguzki argiaz baliatu ahal izateak, aukera batzuk jartzen zituen mahai gainean. Marko horretan, Goiener Kooperatibarekin energiaren inguruko ekimen bat lantzen ari zirela eta, Orexan, energia komunitate bat egin, eta kooperatiba bat egiteko aukera sortu zen. Helmuga zein izango zen gehiegi landu gabe, modu naturalean, egindako bidearen ondorio gisa sortu zen kooperatiba sortzeko ideia. Ez zuten argi noiz sortuko zuten kooperatiba; data ez zen hain garrantzitsua; bide egiteak zuen garrantzia. Agian, halako bide bati ekiteko ez zen unerik egokiena (eguzkiaren zerga eta beste traba batzuk hor baitzeuden), baina herriak aukera bat ikusi, eta heldu egin zion. 2021ean sortu zen energia kooperatiba.
Herriko ostatua biziberritzea ere, klabe ikusi zen herrian, eta, ordura arte erabilitako eredua, aldatu beharra. Orexan, bazegoen neurri batean erreplikagarria izan zitekeen eredu bat. Oihan txikirekin bildutako esperientzia guztia hor zegoen, bere gora-behera guztiekin, baina eredu interesgarria zen. Udalak kooperatibako partaide zenez, berme bat ematen zion zerbitzuari denboran iraun ahal izateko. Hori oso garrantzitsua izan zitekeen edozein proiektu berrirentzako, baina batez ere herriko ostatuarentzako.
Azken urteetan, jende ugari arduratu da ostatuaz, baina ez da zerbitzua egonkortzea lortu, eta udalak argi du arazoa ezin duela ustiatzaileena bakarrik izan. Inork ez badu 2 urte baino gehiago iraun, argi dago eredua birplanteatzea ezinbestekoa dela. Orexa moduko herri txiki batean, oso zaila da ostatua merkatuko ohiko baldintzetan errentagarri egitea, areago, herriak behar duen moduko zerbitzua eta horrez gain ordu asko irekita egongo den denda txiki baten zerbitzua eskaini nahi bada, herri txikietan ostatua jenerazio arteko topagune izaten baita, ezinbesteko elkargunea.
Oihan txiki eta energia kooperatibaren eredua begi bistan, ostatua kooperatibizatzea erabaki da duela gutxi. Azken urteetan ustiaketa pleguen bidez esleitzen bazen ere, dagoeneko baziren eredu aldaketa batzuk: kontuak udalarekin partekatu beharra eta udalarekin elkarlanera bideratzen zuen beste baldintza gutxi batzuk. Orain, azken esleipena amaitzear dagoela, kooperatiba bihurtzea erabaki da, udala bazkide-laguntzaile izango delarik.
Oihan txiki eta energia kooperatibaren eredua begi bistan, ostatua kooperatibizatzea erabaki da duela gutxi. Azken urteetan ustiatzea pleguen bidez esleitzen bazen ere, baziren jada eredu aldaketa batzuk: Kontuak udalarekin partekatu beharra eta udalarekin elkarlanera bideratzen zuen beste baldintza gutxi batzuk, eta, orain, azken esleipena amaitzear dagoen onetan, kooperatiba bihurtzea erabaki da, udala bazkide-laguntzailea izango delarik.
Ostatuaren kasuan, bidea energia kooperatibarekiko ezberdina izan da. Martxan zegoen proiektu bat da ostatua, negozio edo herri zerbitzu eredu bat zuena, baina, kooperatiba bilakatzearen bidez, beste forma bat eman nahi izan zaio: bakoitzak zer paper jokatuko duen erabaki, zein parte hartze izango duen eta erabakiak nola hartuko diren.
Ostatuaren kooperatibizatze prozesuari heltzerakoan, bide berri batean murgildu dira. Asmoa da kooperatiba guztientzako hitzarmen marko bat sortzea, kooperatiba guztiek funtzionamendu orokor bera izan dezaten. Bide horretan, langile postu berri bat sortu da energia-kooperatiban, herriko kooperatiben koordinazio lana egiteko eta herri proiektua eta kooperatiben gestio estrategikoa eramateko. Horren ardura eta kooperatiben gidaritza Eneko Maiozek eramango du.
Halako ekimenetan udalek parte-hartzeko duten aukerak erabiltzeko orduan, garrantzitsua da legearen interpretazioa. Legeak gauza asko egiteko aukera ematen du, baina, idazkari bakoitzaren legeari buruzko interpretazioaren arabera, gauza batzuk egin daitezke, eta beste batzuek ez. Horregatik, prozesu hori guztia udal idazkariarekin batera egin da, Orexako udala idazkariaz haratago doan aholkularitza juridiko sendo batez lagunduta.
Ez dira horretan geratu, eta, inguruneari helduta, basogintza, lurren garbiketa eta naturari lotutako proiektu berriren bat sortzea dute begiz jota. GPSaren bidez, herriko lur guztiak identifikatu eta markatzeko prozesua burutzen ari dira, mugak non dauden eta halakoak definitzeko, eta, gerora, basogintzaren inguruko gestioa erraztu eta bideratu dezakeen kooperatiba edo antzeko ekimen bat antolatzeko ideia darabilte buruan. Oraindik eztabaida prozesuan daude, baina duela zenbait urte identifikatutako lerroekin bat egiten duenez, gaiari heldu beharko diotela argi dute.
The post OREXAKO HERRI KOOPERATIBAK appeared first on BDS KOOP.