2022-11-10 11:24

Marisol Basauriko auzokidea azaroaren 15ean kaleratuko dute, 10:30ean, Andaluzia kaleko 26. zenbakian.

Hamabost urte daramatza senar ohiarekin batera erositako etxean bizitzen. Dibortziatu zirenean, 2012 urtean, elkarrekin ados jarrita utzi zuen etxea senarrak, Marisolek lortu baitzuen alabaren zaintza. Horrekin batera, etxearen usufruktua ere eskuratu zuen. Halaber, duela 6 urte, momentu horretan bere bikotea zena etxe horretan erroldatu zuen Marisolek. Hori ikusita, senar ohiak Marisolen kontrako salaketa jarri zuen epaitegian.

Gaizki aholkatuta eta ustezko arau-haustearen ezagutza barik, Marisolek akordio bat sinatu zuen 2018an, salatzaileari, hau da, senar ohiari, etxearen usufruktua emanez. Akordioaren arabera, Marisolek etxebizitza hori beste bi urtez soilik erabiltzeko eskubidea zuen.

2020 urtean, senar ohiak akordio hori baliatu eta epaitegian Marisol etxetik kaleratzea eskatzen du. Izan ere, pandemia dela eta, etenda geratu zen, baina dagoeneko badu kaleratze-data: azaroaren 15ean.

Horrez gain, senar ohiak urteak daramatza bisita-erregimena bete gabe eta alabari inongo babesik eman gabe.

Kaleratuak izatekotan, Marisolek eta bere alaba adingabeak ez dute beste bizilekurik lortzeko aukerarik izango. Era berean, Basauriko Gizarte Zerbitzuek ez diete inolako konponbiderik eskaintzen kalean geratzen arriskuaren aurrean.

Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu Basauriko herritar eta gizarte mugimenduei egoera lotsagarri hau salatzera, aurre egitera eta mobilizazioetan parte hartzera:

  • Kontzentrazioa Basauriko Gizarte Zerbitzuetan, azaroaren 14ean, astelehena, 12:30etan

  • Kaleratzea gelditu dezagun, azaroaren 15ean, asteartea, Andaluzia kaleko 26. zenbakian.

Ez dugu kaleratzerik Basaurin onartuko!

Ez dugu Gizarte Zerbitzuen pasibitatea onartuko!

Marisol Basaurin geratuko da!

 

Bizi baldintzen defentsarako eta komunitatea indartzeko sarea. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.