2021-05-05 15:38

2021eko maiatzaren 4ean, Baskonia Larrazabalgo Auzo Elkartea eta Batu Elkarlaguntza Sarea Larrazabalgo aparkalekuan bildu gara, Basauriko Udalak eta Udaltzaingoak gure kide den Fernandori biziarazten ari zaizkion egoera publikoki salatzeko. Fernando auzo honetan bizi den 67 urteko bizilaguna da.

2020ko maiatzean, kalean bizitzera behartuta aurkitu zen Fernando. Duela urtebete inguru, aparkaleku honetan furgoneta bat topatu zuen. Abandonatuta eta irekita zegoenez, kalean geratu aurretik, ibilgailua bizileku moduan erabiltzea eta etxebizitza-eskubidea bere kabuz gauzatzea erabaki zuen (duina izatetik urrun, ez baitu ez argirik, ez gasik, ez iturriko urik).

Auzotarren eta senideen aholkuei jarraituz, Basauriko Udalari errolda eskaera aurkeztu zuen 2020ko abenduan, eta oraindik ez du erantzunik jaso. 2021ean, errolda-eskaera berri bat egin zuen. Horrez gain, administrazio-isiltasunagatiko erroldatzeko eskaera bat aurkeztu zuen, eta baita kexa bat ere.  Ordea, eskaera horiek ez dute oraindik inolako erantzunik jaso.

Aurtengo martxotik apirilera bitartean, Fernandok behin eta berriz jaso zituen udaltzainen bisitak. Horiek erroldaren kontuarekin xantaia egiten saiatu ziren, Bilbon erroldatu zitekeela esanez, eta, kasu horretan, beraiek arduratuko ziratekeela furgoneta hara eramateaz. Bien bitartean, apirilean, egunkari batek Fernandoren egoeraren berri eman zuen, eta kasua argitara ekarri. Harrezkero, udaltzainak, behin baino gehiagotan Basauriko Udaleko Segurtasun Zinegotziak lagunduta, xantaiatik mehatxuetara pasatu ziren: furgonetaren jabeak salaketa jarriko zuela esan zioten ibilgailua uzten ez bazuen. Alegia, bere etxebizitzatik joatea exijitu zioten, mehatxuak tarteko.

Apirilaren 19an, astelehena, Udaltzaingoa aparkalekuan agertu zen ohartarazteko jabearen salaketa jarrita zegoela eta arratsaldean bertan eramango zutela furgoneta. Arratsaldean, berriro azaldu ziren, eta une batean eramango zutela esan zioten. Orduan, Baskonia Larrazabalgo Auzo Elkartetik eta Batu Elkarlaguntza Saretik alarma guztiak piztu genituen,  eta etxegabetzea geldiarazteko deia luzatu genuen. Hala, hainbat auzokide bertaratu ginen Fernandoren etxebizitzaren ingurura. Arratsaldeko 5etan, beste behin agertu ziren udaltzainak. Orduan jakinarazi zioten salaketa jarri duela ibilgailuaren jabe den enpresak , eta horri buruzko ikerketa hasi dutela. Garrantzitsua da azpimarratzea hori izan zela Fernandok idatziz jasotako lehen jakinarazpena, eta gainera, ez dutela inoiz aipatutako salaketa aurkeztu. Aitzitik, salaketa hori bi aste geroago iritsi da.

Beste kontu azpimarragarri bat: gure elkarteetatik jabeekin hitz egin dugu, eta jakinarazi digute Udaltzaingoa aldez aurretik jarria zela haiekin harremanetan. Uste dugu jabea ezagutu nahiko zutela, guk bezalaxe, baina haien kasuan, Fernando salatzeko xedearekin, salaketan bertan adierazten den bezala. Azkenean lortu egin dute.

Gertaera horietatik guztietatik ondorio nabarmen bat ateratzen dugu: Basauriko Udalak ez du errolda soziala emateko obligazioa bete nahi. Horrez gain, azpijokoz jardun du betebehar hori saihesteko, praktika mafioso eta larderiatsuak baliatuz, besteak beste: bizilagunei xantaia egitea eta mehatxatzea, salaketa bat asmatzea, jabeei presioa eragitea, epaiak idatziz jaso gabe ematea, eta abar.

Oso larria deritzogu aparkaleku honetan gertatzen ari dena, nahiz eta Basauriko Udalak garrantzia kendu nahi izan dion. Gainera, muturreko pobrezian bizi den auzokide bati eragiten dion egoera da. Ezin dugu zaurgarrienak jazartzea eta zapaltzea onartu. Bidegabekeria honen aurrean, Baskonia Larrazabal Auzo Elkarteak eta Batu Elkarlaguntza Sareak honako neurriak exijitzen ditugu:

1. Fernandoren aurkako jazarpena etetea: Udaltzaingoak eta Basauriko Udalak etengabe jazarri dute, eta gainera, haren aurkako salaketa sustatu. Hori dela eta, zera exijitzen dugu: Fernando berriro ez mehatxatzea, eta  abian jarritako ikerketa bertan behera uztea.

2. Errolda soziala ematea Fernandori: Toki Jardunbidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak adierazten duen bezalaxe, Espainiako Estatuan bizi den “pertsona oro behartuta dago ohiko bizilekua duen udalerriko erroldan izena ematera”, bizi den egoera edozein dela ere. Duela sei hilabete iritsi zen Fernandoren errolda-eskaera Basauriko Udalera. Hau da: sei hilabete daramatza Udalak legea bete gabe, eta gainera, botata utzi du egoera zaurgarrian dagoen bizilagun bat. Izan ere, ezin dugu ahaztu errolda dela edozein gizarte-laguntza jasotzeko lehen baldintza, hala nola, elikagai-bankutik janaria lortzeko. Legea betearazi gabe igarotako egun bakoitzeko, Basauriko Udala pobrezia gogorrenera kondenatzen ari da Fernando. Horren aurrean ez dago inolako aitzakia posiblerik. Utz itzazue txorakeriak albo batera, eta errolda ezazue Fernando behingoz!

Exijentzia horiek bete arte, publikoki salatzen jarraituko dugu Fernando kideak bizi duen egoera bidegabea eta Basauriko Udalak eman dion tratu iraingarria. Ulertezina da nola zaurgarriena kolpatu daitekeen, nola udal batek bultza dezakeen eskubiderik gabeko pertsona batek horrela  jarraitzea, eta bere egoera larria aldatzeko ezer ez egitea .

Beraz, horregatik guztiagatik, Fernando Basaurin geratuko dela ozen oihukatzeko, manifestaziorako deia luzatzen dugu: maiatzaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, Basaurin. Gaur berari egokitu baitzaio, baina bihar gutako edozein izan gaitezke. Horregatik, aurre egin behar diegu kapitalismo basatienaren erasoei. Jakin dezatela ez garela kikilduko eta, gure auzokideen bizitzen defentsan, aurrean izango gaituztela.

 

Basauriko Udala, arduraduna! Udaltzaingoa, konplizea!

Fernando Larrazabalen! Etxegabetze gutxiago eta errolda gehiago!

 

Baskonia Larrazabal Auzo Elkartea & Batu Elkarlaguntza Sarea

Bizi baldintzen defentsarako eta komunitatea indartzeko sarea. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.