2021-06-16 10:34

Lortu dugu! Larrazabaleko Auzo Elkartearen, Batu Elkarlaguntza Sarearen eta Basauriko beste hainbat kideren borroka nekaezinari esker, Basauriko Udalak Fernando erroldatu du. Garaipen honen bitartez, ikusi ahal izan dugu antolakuntzaz eta borrokaz lor daitekeela Basauriko Udala egiten ari zen erroldatzeko eskubide urraketa gainditzea. Bide honetan mugarri izan dadila garaipen hau beraz, auzokideon arteko saretzearen potentzia bertatik bertara ikusi ahal izan baitugu Fernandoren borrokaren bitartez. Batuta, geldiezinak gara!

Atzo jakin genuen bezala, maiatzaren 29an plazaratu genuen eskaeretako bat bete da, Fernando erroldatzearena hain zuzen. Albiste pozgarria dudagabe, zerbitzu sozialen laguntzetara jotzeko eta bizileku duin bat lortzeko aukera ematen diolako horrek. Hala ere, ez dugu Basauriko Udalari inolako eskerrik emateko arrazoirik ikusten. Izan ere, erroldatzea legez  pertsonen eskubidea eta Udalaren betebeharra baita. Legea bete du, eta kito. Aitzitik, hilabeteak pasatu dira Fernandok eskaera egin zuenetik, eta Basauriko Udalak entzungor egin ez ezik, Bilbon erroldatzeko xantaiak, legez kanpo kaleratze mehatxuak eta furgoneta abandonatuaren erabileragatiko salaketa sustatu egin ditu. 

Jakin badakigu Udalak sistematikoki ukatzen diela erroldatzeko eskubidea egoera zaurgarrien dauden pertsonei, gastu soziala murrizte aldera. Beraz, garaipen hau salbuespena izan ez dadin, guk errolda eskubidea betearazteko eta auzokide zaurgarrien bizi-baldintzak hobetzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu.  Hori dela eta, eskubide hori ukatzen zaien auzokideei deia luzatzen diegu euren egoera salatu eta gurekin harremanetan jar daitezen.

Garaipenaren poza handia bada ere, ez dugu ahaztu behar Fernando kaleratua izateko mehatxupean jarraitzen duela. Uztailaren 15ean Udalak sustatutako epaiketa du, urteak abandonatuta zeramatzan furgoneta bat bizileku legez erabiltzeagatik. Hortaz, jarraituko dugu epaiketa horren bidegabekeria salatzen eta Fernandorentzat etxebizitza duin bat aldarrikatzen, baita epaiketa horren erantzulea den Basauriko Udala seinalatzen.

Baskonia Larrazabalgo Auzo Elkartea &
Batu Elkarlaguntza Sarea

Bizi baldintzen defentsarako eta komunitatea indartzeko sarea. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.