2021-01-26 12:33

Larunbatean, urtarrilak 23, Basaurin bildu ginen, Galdakaoko Etxebizitza Sarearekin batera, etxebizitzaren aldeko adierazpena eta abiaraziko dugun atxikimendu kanpainiaren berri emateko.

Hona adierazpenaren testu osoa:

ETXEBIZITZAREN DEFENTSARAKO ADIERAZPENA

Gaur, urtarrilak 23, Maisuen Etxea zenaren  aurrean elkartu gara, gure eskualdean bizi den etxebizitza larrialdiaren harira, Hego Uribeko Batu Elkarlaguntza Sareko eta Galdakaoko Etxebizitza Sareko kideok egiten dugun adierazpena argitara eman, eta martxan jarritako ekimenaren berri emateko. Ez da kasualitatea horretarako Maisuen Etxea aukeratu izana.Izan ere, Maisuen Etxeak udalren jabetzako etxebizitza publikoak ziren ; baina orain dela urte batzuk, promotora bati saltzea erabaki zuen udalak luxuzko etxeak egiteko. Hala, publikoa zen ondasuna higiezinen merkatuko interesen esku uzteko hautua egin zuen, herritarren premiak asetzera bideratu ordez.

Arrazoi ezberdinak direla medio, etxebizitza-egoera arazo handia bihurtu da Hego Uribeko eskualdeko (Galdakao, Basauri, San Miguel, Arrigorriaga, Zaratamo, Etxebarri, Ugao, Zeberio eta Arrankudiaga-Zollo) biztanle askorentzat. Azken urteotan, etxeen prezioa nabarmen igo da. Kasu batzuetan, prezioen igoerak oinarrizko eskubidea den etxebizitzaren eskuragarritasuna zaildu edo eragotzi egin digu  gure hainbat auzokideri. Baina egoera hori ez da berez etorri. Izen-abizendun erantzuleak daude arazo horren atzean: higiezinen agentziak, etxejabe handiak, funtse putreak eta horien alde jokatzen duten legeri zein politika publikoak.Etxebizitzaren egoera jada jasangaitza bazen, pandemiak krisi sozial eta ekonomikoaren larritasuna areagotu egin du.  Hori dela eta, neurri batzuk ezarri ditu gobernu zentralak; baina bistan da ez direla langile klasearen premien neurrikoak, eta etxejabeen interesak babestera daudela bideratuta, hein handi batean.

Babesgabetasun egoeraren aurrean, beharrezkoa zaigu gure herri eta auzoetan gutxiengo neurri batzuk ezartzea,  egoerak okerrera egiten jarrai ez dezan. ETXEBIZITZA eskuratzea DOAKOA eta UNIBERTSALA izan beharko luke.; izan ere, etxebizitzak, bizitza duin baterako oinarrizko ondasuna izanik, ezin du inolaz ere negozio eta espekulaziorako baliabidea izan.

Hala ere, badakigu borroka bide luzea daukagula helburu hori lortzeko. Ondorioz, honako premiazko neurriak ezartzea eskatzen dugu, gure herri eta auzoetako lagunen bizi baldintzen okertzea saihesteko:

  1. Alokairu sozialaren alde! Alokairuek ezin dute bizikidetza unitatearen diru sarreraren %15a gainditu, biztanle guztien etxebizitza eskuratze-ahalmena bermatzeko.
  2. Alokairu kontratuen berriztatze automatikoa. Alokairu prezioaren igoera soilik onartuko da  Kontsumo Prezioen Indizearen aldakuntzen  mailan berean edo txikiagoan egiten bada.
  3. Kaleratze gehiagorik ez! Ez dugu etxegabetze bat bera ere onartuko, aurretik alternatibarik ematen ez bazaio.
  4. Jenderik ez etxerik gabe, etxerik ez jenderik gabe! Bizkaian 2.000 pertsona kalean bizi dira kalean, 30.000 etxe hutsik dauden bitartean. Horren aurrean, hutsik dauden etxeen alokairu soziala sustatu behar da.
  5. Etxebizitza arazoak emakume aurpegia du! Etxebizitza larrialdi egoera asko genero arteko berdintasun ezaren ondorio izaten dira. Hala, kasu horiei modu bereizian erantzun behar zaie.

Halaber, higiezinen agentzia eta ugazabei exijitzen diegu gutxiengo baldintza horiek betearazteko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten, espekulatzeari utziz, etxe kaleratzeak geldituz, alokairu soziala eta etxe hutsen erabilera bultzatuz...

Eskaerak ezin dira hutsean egin, hortaz, gaur bildu garenok gure konpromiso irmoa erakusten dugu ahal dugun guztia egiteko  bizilagun bat bera ere ez dadin arrazoi ekonomiko edota etxebizitza prezioengatik kalean bizitzera edo bere herritik joatera behartua izan.

Horren harira, datozen asteetan adierazpen hau zabaltzeari eta gure herri eta auzoetako eragile sozial eta sindikalen artean atxikimenduak biltzeari ekingo diogu, etxebizitza eskubidearen aldeko ekimen sendoa eta bateratzailea sortzeko asmoz. Hortaz, deia luzatzen diegu Hego Uribeko eragile sozial eta sindikalei ekimen honetan parte hartzeko gurekin harremanetan jartzera. Horretarako, gure kontaktuak:

Galdakaoko Etxebizitza Sarea: galdakaokoelkarlaguntzasarea@gmail.com edo 635 43 90 01

Batu Elkarlaguntza Sarea: batuelkar@gmail.com  edo 654 82 14 86

Gure auzokideen etxea

defendituko dugu.

Otsoen kontra,

sikatearen kontra,

lukurreriaren kontra,

justizia burgesaren  kontra,

defenditu

eginen dugu

gure auzokideen  etxea.

 

GALDAKAOKO ETXEBIZITZA SAREA

&

BATU ELKARLAGUNTZA SAREA

 

Bizi baldintzen defentsarako eta komunitatea indartzeko sarea. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Migel, Ugao, Zaratamo eta Zeberio.