2024-06-07 11:32

Euspot lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia egin zen ekainaren 6an, Aretxabaletan. Bai Euskarari Elkarteak Gazteen saria eman zuen: 'Heldua zu zara, heldutasunez jokatu' spotak jaso zuen sari hori, Peru Arrese eta Izadi Zumalde arrasatearren lanak. Zorionak!

Ibon Arrizabalaga de Mingok eman zuen saria, eta hitzaldian esan zuenez, "oso garrantzitsuak dira gaur egun ikus-entzunezkoak. Historian zehar, familia eta eskola izan dira gazteei balioak eta kultura transmititzeko kanal nagusiak. Gaur egun, ordea, aisiaren industriak sekulako indarra hartu du. Bereziki, sare sozialek eta bideo laburrek. Eta horiek, mundu mailako agertokian, erdaraz dira."

"Horregatik, ikus- entzunezkoetan euskara sustatzen duen Euspot lehiaketa estrategikoa da Bai Euskarari Elkartearentzat. Industria gakoari zuzentzen zaiolako, gidoia aldatzeko eskatuz. Eta gazteengana iristen delako, euskaratik eta euskaraz", gehitu zuen.

Parte-hartze handia

Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztiak batuta 800 spot inguru jaso dira. 2024ko edizioan Euspoten parte-hartzea handia izan da: guztira 87 lan aurkeztu dira. Aurkeztutako lanen artean, 27 lan 18 urtetik gorakoek eginak dira, eta 60 spot adin txikikoek eginak.

Spot guztiak ikusgai: https://euspot.eus/hemen-dituzue-87-spotak-ikusgai-2/

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Bai Euskarari Elkartea ekarpen ugari egiten ari da urte hauetako ibilbidean, Bai Euskarari ziurtagiri bat baino askoz gehiago da. Gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta egokitzen ari gara Euskal Herriko enpresen eta profesionalen eskura jartzeko: Enpresarean (azoka, foroak eta telebista), Lansarean lan-ataria eta aplikazioa, Lanabes – Araban Euskara Lanean, jarraibide egokiak eta abar luze bat. Argi dugu gure ekarpena lagungarria izaten ari dela alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko, eta horretan segitu nahi dugu. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka.