2023-10-11 23:16

Hamaika aldiz aztertu ditugu urriaren 12aren ezaugarri kolonialistak eta inperialistak, baina aurtengo urriaren 12 honetan, iragana ahaztu gabe, gaur egungo errealitateari erreparatu nahi diogu. Urteak daramatzagu, urriaren 12aren bueltan, Abya Yalaren inguruko irakurketak eta elkartasun mezuak lau haizetara zabaltzen. Dagoeneko aski ezagunak dira espainiar estatuak bere historian zehar egindako basakeriak eta ustiaketak. Zentzu horretan, urteak dira iragana aztertu eta etorkizunerako ikaspenak jasotzen ari garela. Egindako hausnarketa horiei guztiei heldu, eta, aurtengoan, egungo egoera politikoaz hitz egin nahi dugu.

 

2020az geroztik, gobernu  eta politika "aurrerakoiez" hitz egiten da han eta hemen; hala, espainiar estatuko gobernuaren politikak hauspotzen eta goraipatzen dira. Euskal Herriko alderdiak ere joko horretan erabat murgilduta dauden honetan, urte hauetan guztietan zehar babestutako neurriak ezkutatu nahi dituzte. Izan ere, asko izan dira urteotan bultzatutako politikak, burgesiaren tresna errepresiboak indartzeko: 2022ko aurrekontu orokorretan, igo egin dute NATO indartzeko aurrekontua %26 (aurten ere igoera aurreikusten da); babestu eta bultzatu egin dute arma eta gerrarako baliabideak bidaltzea; sustatu egin dituzte askotariko polizien gaitasun errepresiboak; areagotu egin dituzte langile klasea gehiago kontrolatzeko baliabideak; jarraitu egiten dute etxeetatik kaleratzen; areagotzen ari dira langileon prekarizazioa; zorroztu egin dituzte mugetako politikak eta migratzaile nahiz arrazializatuen aurkako jazarpena; etekinetarako darabilte lurra…

 

Aipatutako neurri horiek eta askoz gehiago dira Europar Batasunak, eta oro har, mendebaldeko potentzia burgesek sustatutako politikak. Transnazionalen eta multinazionalen bidez, Abya Yalako herri langileak zapaltzeaz batera, Europako herriak ere suntsitzen gaituzte. Hamarkadetan zehar maputxeen lurrak ustiatu dituzten burges berek lapurtzen dituzte Euskal Herrian nekazari nahiz abeltzainen lurrak eta garatzen dituzte energia proiektu basatiak. Txileko estatu kolpearen 50. urteurreneko manifestazioa kolpez eta tiroz erreprimitu zuen gobernuaren laguntzaileak dira Euskal Herriko txoko askotan langileak jazartzen gaituzten indar errepresiboen hornitzaileak. Alegia, maputxeak, kolonbiarrak eta greziarrak kolpatzen dituztenean, geu ere kolpatzen gaituzte; eta alderantziz. Ez diogu errepikatzeari utziko, hamaika herri garelako, baina borroka bakarra. Eta, jakina, ezin aipatu gabe utzi herri palestinarra, urteetako antolakuntzari esker, kolonizazio kriminaletako baten aurka borrokan jarraitzen duena eta indartsu erantzuten ari dena egunotan. 

 

Globalizaturiko sistema kapitalistaren baitan, burgesiak langile klasea dominatzeko behar dituen neurri guztiak hartuko ditu, han eta hemen. Horregatik da beharrezkoa, horren aurrean, gure interesak defendatuko dituen indar batasuna. Eta batasunaren ideia horren pean, elkartasuna jarri nahi dugu mahai gainean, internazionalismoaren oinarrietako bat; argi utzita elkartasuna eta praktika internazionalista ez dela borrokan dauden kideei babesa ematea soilik; areago, elkarren borroka baldintzak hobetuko dituen aukerak bultzatzea ere bada. Horrek esan nahi du gure herria menpe daukan burgesia ahultzeak ezinbestean erraztuko diela bidea, neurri batean bada ere, beste herrien askatasunerako borrokei.  Hori dela eta, ozen salatu nahi dugu han eta hemen jazartzen gaituen sistema errepresibo eta ekonomikoa. Askotariko polizien aurrean, NATOren aurrean, proiektu txikitzaileen aurrean… aurrez aurre izango gara, munduko beste herri langileekin batera.

 

Beraz, iragana kondenatzeaz harago, ekar dezagun begirada Euskal Herrira eta orainera. Susta dezagun antolakuntza, instituzioetatik kanpo, Euskal Herria oinarri, nazioartean artikulatuz, egitura eta eraso inperialistei aurre egiteko; horrela, eta ez bestela, soilik lortuko dugulako munduko langileria osoaren interesei erantzutea. Eta guri dagokigunez, bidera ditzagun indarrak Euskal Herri sozialista eta internazionalistaren eraikuntzara, hori izango baita munduko beste herri langileei egingo diegun ekarpenik efizienteena.


 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista