2024-08-02 00:04

 

 

Gazan 40.000 hildakoen mugarria erdiestear dagoenean, eta bai Zisjordania zein Siria eta Yemengo herri langilearen aurkako erasoak normalizatuta daudela, sionismoak Palestinaren baitako Nakbarekin nahikoa ez duela argi adierazi du Beiruteko bonbardaketarekin.

 

Nahiz eta Hezballah-k autoretza ukatu duen, Siriako lurralde okupatua den Majdal Shams-eko biktimak eragin dituen erasoaren talde xiitaren buruaren aurka gauzatu omen dute Libanoko hiriburuan bonbardaketa. Golango Altuetako biztanleria drusoak ordea, Israelgo hiritartasuna gaitzesten du (Smotrich gobernu israeldarraren kidearen presentzia gaitzetsi duen bezala), euren buruak siriartzat baitituzte. Hala ere, paradoxikoki, hango 12 pertsonen bizitzaren balioa dela eta ekin dio sionismoak Beirut jotzeari. Praktikan ordea, oldarraldi sionista eskualdera hedatzeko aukerak biderkatzen dituen erabakitzat har daiteke. AEBetako defentsa idazkariak dagoeneko adierazi du “Israel erasotua bada, lagunduko diotela”, balizko gerra irekiaren parametroak ezarriz.

 

Aukera paregabea izan da sionismoarentzat Golango Altuetan jazotakoa. 1967an okupatutako eta modu intentsiboan militarizatutako gako geografiko-estrategikoa den espazio da. Hortik Libano, Siria eta Jordaniaren arteko elkargunea kontrolatu du hamarkadetan zehar. Faxismoari, eta beraz sionismoari, propio zaion espantsionismoaren joera eta interesak babesteko garrantzi handiko lurraldea da.

 

Honekin batera, sionistek Iranen Hamas-eko bulego politikoaren buru Ismail Haniyeh erail dute. Horren operazio oldarkor eta garrantzitsua ez da ausaz eman. Fatah, Hamas, PFLP eta gainontzeko talde politiko palestinarren arteko akordioaren sinadura burutu eta egun gutxira izan da eraila Hamaseko buruzagi historikoa. Izan ere, palestinarren batasuna izan da betidanik Israelgo estatuaren areriorik arriskutsuena, kanpotik jasotzen duen babes eta kolaborazioen gainetik.

 

Hain zuzen, sionismoak ez luke etorkizunik izango bidelagun izan duen kapitalismoaren buru hegemonikoaren babesik gabe. AEBak, eta baita NATO eta Europar Batasuna behar-beharrezkoak agenteak izan dira gaur egun jazotzen ari dena gauzatu ahal izateko. Ezin dugu ahaztu gurean, Euskal Herrian, badirela honi ekarpen garrantzitsua egiten dionik. Apartheida, genozidioa eta Ekialde Hurbilaren baitako gerra irekiaren aukera ahalbidetu duen egoera horretan euskal burgesiak partehartze zuzena dauka. Armagintzaren industriak, baina baita oso adierazgarria den CAF enpresaren negozioak ere Israelen indarkeria genozida zilegiztatu eta normalizatzeko bidearen eraikuntzan diraute. Kapitalismoaren agente instituzionalen amildegitik ihes egiteko desiraren bide horrek, sufrimendua okerragotzea besterik ez du ekarri.

 

Alabaina, sufrimendu hori gehien pairatzen ari duenak, herri langileak, badauka zer egin. Demokrazia ordezkagarriak ezartzen dituen mugen gainetik, Gazako genozidioa eta Israelen ankerkerian gure buruak islatuta ikusi nahi ez baditugu, lekuko indargabearen papera alde batera utzi eta boikot bat egitea daukagu: Palestinan jaiotako nazioarteko ekimena, herritarrok gure gain hartu dezakegun alternatibarik eraginkorrena. Genozidioa, faxismoa, arrazakeria eta kapitalismoak eragin eta bultzatutakoen aurka, herri langileari dagokio esparru ekonomikoan, kulturalean eta akademikoan Israel gaitzestea eta indargabetzea.

 

Gora Palestina askatuta!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista