Ekainaren 26an, Juan José Zuñiga buru zuen indar armatuen sektore batek Estatu kolpe bat ematen saiatu zen, zehaztasun asko eta atzean dauden motibazioak erabat argi ez badaude ere. Gobernua kentzeko edota Bolivia desegonkortze saiakera hau ezin da aurkeztu era isolatuan, sistemaren hedabide gehienetan agertzen den moduan.
Hamarkadetan zehar garatutako hainbat borroka oinarri izanda (meatzarienak, nekazarienak, kokaleroenak, jatorrizko herrienak, beste langile kolektiboenak..) herriaren antolaketa maila oso nabaria da Bolivian. Erresistentzia eta antolakuntza esperientzia horien ondorioa izan zen 2005ean MAS-IPSP mugimenduak hauteskundeak irabaztea eta Evo Morales presidentziara heltzea. Momentu horretatik aurrera prozesu eraldatzailea martxan jarri zen, populazioaren gehiengoaren aldeko neurriak hartuta eta kolektibo batzuei eskubideak aitortuta, jatorrizko herriak kasu nagusia izanda. Boliviako baliabideak herriaren beharrei erantzuteko bideratzeak eta Abya Yala – Latinoamerikarentzat martxan jarritako integrazioa eta eredu alternatiboan parte izateak (hasieran Venezuela eta Kubarekin batera; geroago, zonaldeko beste herri batzuk gehituta) oligarkiaren eta inperialismoaren erasoak areagotu zituzten. Izan ere, Boliviako Estatu Plurinazionala gakoa da, bere baliabide naturalengatik. Gasaz gain, mineral zehatz batzuk (Litioa tartean) kantitate oso handitan dago zonalde horretan. AEBetako Hego Komandoko buruak horrela aitortu zuen, esplizituki, 2021eko urtarrilean, eta baliabide horiek kontrolatzea AEBetako segurtasunarekin lotu. Izan ere, baliabide horiek guztiak zein beren “atzeko patioa”-ren kontrola ezinbestekoa zaio inperialismo yankiari bere nagusitasuna mantentzeari euskateko. “Ilargi erdia” deritzon ekialdeko oligarkiak saiatu zen Estatua desegonkortzen MAS boterekin kentzeko. Plan horiei buelta ematen lortu arren, erasoak ez dira eten. Boliviak lortutako garapen ekonomikoak boliviarren bizitza kalitatea hobetu zuen esparru askotan, baita kontsumo maila igo. Horrek, neurri batean, egonkortasuna eman zion gobernuari urte batzuetan zehar. Hala ere, gobernuaren higadura, sektore batzuen nahigabea eta, etenik gabe, prozesuaren aurkako eraso mediatiko zein ekonomikoak, eremua ongarritu zuten 2019ko Estatu kolperako, hauteskunde-iruzurraren aitzakiapean. Inposatutako Jeanine Añezen gobernua hauteskundeak egitera behartuta, MASek berreskuratu zuen botere politikoa era argian, baina beste hautagai baten bitartez, Luis Arce Catacora, Evoren kontrako jazarpena zela eta. Hasierako aldaketa-prozesuari berriz ekiten saiatu bazen ere, ez zen lortu hasierako urteetako bultzada berreskuratu, elementu batzuk tartean. Alde batetik, MASen barruko tentsioak areagotu ziren, Evo Morales eta Luis Arceren ildoak aurrez aurre jarrita. Talka izaera ideologikoa dauka, baina baita eduki pertsonala ere. Masismoaren barruko banaketak ahuldu du jada mugimendua eta 2025eko hauteskundeen MASen garaipena kolokan jar dezake. Honi gehitu behar zaio egoera ekonomikoaren okertzea eta inflazioa. Horri lotuta, kanpoko elementua dago; hain zuzen ere, prozesu bolivartar kontinentalaren osasuna. Zailtasunaz zailtasun, Kuba eta Venezuela chavista tinko mantentzen dira, baina Boliviaren inguruko Estatu batzuk eskuinera edota ultraeskuinera egin dute, deseginda zegoen Limako Taldearen balizko berpiztea posiblea eginez. Gobernu batzuen eta, bereziki, Mileirenaren neurriek ondorio kaltegarriak dituzte Boliviako ekonomian zein gainerako harremanetan.
Testuinguru horretan gauzatu da Estatu kolpearen saiakera bitxia: kazetariz inguratuta, Gobernuko kideekin hitz eginez, kolpearen buruak adierazpen deigarriak eginez, Bolibiako burgesiaren buru batzuek, eskuineko gobernu batzuen bozeramaileek zein inperialismoaren eragile batzuek (OEAko Almagrok kasu) adierazi zuten bere kolpearekiko gaitzespena. Autokolpearen teoria ere zabaldu da hedabide masiboetan.
Gertakizun horren atzean dauden motibazio eta helburuen inguruan zalantza asko badaude ere, askatasun nazional zein sozialaren alde borrokan gauden herriok irakaspenak atera behar ditugu, borroka askatzailetan eta internazionalismoan sakontzen jarraitzeko. Inperialismoak bultzatutako saiakera izan, bertoko oligarkiak bultzatutako saiakera izan, indar armatuetako sektore batzuen iniziatibaz garatutako saiakera izan, edo aurrekoen arteko konfluentzia bat izan… ekintza horrek alderdi batzuk jartzen ditu mahai gainean:
Euskal Herritik gure agur internazionalista bidali nahi diogu Boliviako herri borrokalariari, baita herriak mendean hartzen saiatzen duen inperialismo eta bere kolaboratzaileak salatu ere. Nahasmenaren gainetik, Boliviako klase langilearekin eta jatorrizko herriekin bat egongo gara.
Jallalla Bolivia! Jallalla borrokatzen diren herriak!