UNIÓN COMUNERA
“Sozialismoranzko bidean aurrera egiteko, Venezuelako gizartean dirauten zapalkuntza-, esplotazio- eta menperatze-logikak desegiteko gai izango den herri-boterea behar dugu, eguneroko bizimodutik harremantze-mota berriak eratzeko gai izango dena, ahizpatasuna eta elkartasuna oinarritzat hartuta gure herriaren bizitza materiala planifikatzeko eta ekoizteko modu berrien etengabeko premiarekin. Horrek esan nahi du oinordetzan jaso dugun Estatu burgesaren forma erabat deuseztatu behar dela, oraindik bere praktika zahar eta kaltegarrien bidez erreproduzitzen dena, eta kudeaketa politikorako modu berrien asmakuntzari jarraipena eman behar zaiola.“
Hugo Chávez. 2012
Unión Comunera 2019. urtean sortu zen hainbat eragile komunal eta sozialen elkartzearen fruitu. Chavismotik herri-boterearen batasuna sustatzeko, botere komunala hauspotzeko eta krisiari aurre egiteko asmoarekin eztabaida-prozesu luzea eman ondoren sortu zen. Berehala herrialdeko eragile askorekin saretzen hasi ziren, eta ehun bat elkartzea lortu zuten. Hortik tiraka, Unión Comuneraren lehen Fundatze Kongresua egiteko beharra ikusi zuten, baina Covid-19 izurritea zela eta, atzeratu behar izan zuten. Azkenean, 2021ean aurre-kongresu bat eginda Urachicheko Alí Primera Komunan, 2022an burutu zuten El Maizal Komuna Sozialistan.
"Komuna zelula sozialista bihurtu behar da; bertan habia egin behar dute ahalegin etiko, moral, politiko, ekonomiko eta sozial guztiek, miseriaren aurka borrokatzeko."
Hugo Chávez. 2008
"Iraultzak (…) kapitalismoaren berezko munduaren ikuspegia errotik aldatu behar du, gizarte-sarea berreraikiko duten ekintzak abiarazi behar ditu, eta, horretarako, tokikoa maila unibertsalera igo behar du. Harreman politikoak, sozialak, ekonomikoak, antolakuntzakoak eta espiritualak ezartzea oinarritik nazio-mailara arte — nukleotik, nik esango nuke, zelulatik hasi eta nazio-maila osora arte ".
Hugo Chávez.
Aló Presidente Teorikoa 1
2009ko ekainaren 11
Estatu komunal berriaren antolakuntza-zelula oinarrizkoena kontseilu komunala izango baldin bada, Unión Comunera esperientzia komunalen arteko nazio-mailako saretzea da, elkarren artean artikulatzeko eta koordinatzeko. Helburu gisa, hain zuzen, Komunen Federazio Nazionala sortzea du, Estatu Komunala sortzeko aurrerapausoak emateko, eta Estatu burgesaren logika liberala gainditzeko modu bezala. Horrez gain, Unión Comunerak bere ekarpena egin nahi dio Sozialismo Bolibartarrari antolakuntza komunaletik, eta izaera internazionalista du munduko beste proiektu iraultzaile eta sozialistekiko. Horiexek izan ziren antolakundeari esleitu zizkioten balore eta printzipioak 2022ko fundazio-kongresuan aurkeztu zituzten programa eta estatutuetan.
Proiektu komunalarentzako oinarrizko premisa batzuk ere izendatu zituzten:
• Demokrazia parte-hartzailea eta protagonikoa ezinbestekoa da erabaki politikoak hartzeko eta herri-boterearen eraikuntzarako. Espazio komunalek parte-hartzerako mekanismo demokratikoak bermatu behar dituzte, erabakiak hartzeko, kontuak emateko, eta gardentasuna bermatzeko ekitaldi politikoei eta baliabideen kudeaketari dagokionez.
• Instantzia komunalak dira gobernu komunala gauzatzeko espazioak. Herriak bere burua gobernatzeko era bat denez, proiektu komunalak autogobernu forma hartzen du.
• Estatu Komunala herri osoak autogobernua gauzatzeko modua eta Estatu burgesaren logika eta konstruktuak deseraikitzeko bidea.
• Proiektuak lurralde-burujabetza ariketa sakona eskatzen du, lurraldeko baliabideen gainean erabakitzeko: lurra, ura, azpiegiturak, bideak, eta bestelako baliabideak; betiere naturaren mugak eta ekosistemen oreka errespetatuz.
• Ekoizpen-bitartekoen jabetza soziala proiektu komunalaren ikuskera ekonomikoaren erdigunean dago. Bertatik abiatuta antolatu behar da ekoizpena, banaketa, trukea eta kontsumoa, gizartearen beharrak asetzeko eta merkatuaren logika gainditzeko.
• Prozesu komunalek, baldintza materialak bermatzeaz gain, batez ere gizartearen betebeharraren kontzientzia eraikitzeko eta balio sozialistak erreproduzitzeko gune bihurtu behar dute, gizarte sozialistaren ezaugarri izango den bizimodua eta subjektibotasuna irudikatzen hasteko.
• Formakuntza eta prestakuntza lehenetsi behar dira, komuna oro eskola bezala ulertuz, eta ikaspenak etenik ez duela mahaigaineratuz.
• Komunek autonomia ekonomikoa eta politikoa lortu behar dute ezarritako boterearekiko eta edozein partidurekiko. Horrekin lotuta, borroka-programa eta agenda propioak izan behar dituzte, haien behar eta xedeen arabera bakarrik zehaztuak.
• Mugimendu komunalaren eta eratutako boterearen arteko elkarrizketa erantzunkidetasunean, errespetuan eta elkarrekiko aitorpenean oinarritu behar da, eskumenak eta baliabideak herri-mugimendura transferitzen saiatze aldera.
• Espazio komunaletan xenofobiaren, arrazismoaren, matxismoaren, homofobiaren eta beste bazterkeria sozial guztien aurka borrokatzen da. Baita patriarkatuaren eta bere ondorioz sortutako menderatze-moduen aurka ere.
• Proiektu komunala ez da komunara bakarrik mugatzen, herri-boterea osatzen duten beste sektoreekin ere saretu behar da borroka-programa bateratua eta ehun sozial berria eraikitzeko.
• Internazionalismoa mugimendu komunalaren funtsezko ezaugarria da, munduan borrokan ari diren herriekin harremanak ehuntzeko, elkartasun militantetik, esperientzien truketik eta gizateriaren etsai komunen aukako borrokatik abiatuta. Definizioz, proiektu komunala antiinperialista, antikapitalista eta sozialista da, eta esplotazio, neokolonialismo eta esku-hartze militar eta arpilatzeen aurrean nazioen autodeterminazioa eta burujabetza aldarrikatzen ditu.
Horrez gain, Unión Comunera Demokrazia Sozialistaren balio eta printzipioetara atxikitzen da barne-antolakuntzaren oinarrietarako. Hala nola:
• Zentralismo demokratikoa.
• Instantzia guztien zuzendaritza kolektiboa.
• Kohesio politiko-ideologikoa.
• Erantzuleen baliogabetze demokratikoa.
• Kritika eta autokritika.
• Antolakundeko militanteen zintzotasun iraultzailea.
• Genero berdintasun eta parekidetasuna.
• Praktika politikoaren komunalizazioa.
• Eta internazionalismoa.
Sozialismoa lurraldean hezurmamitzeko, komunen garapenaren garrantzi historiko eta estrategikoaz zeharo konbentzituta zegoen Hugo Chávez komandantea: bere hitzetan, “komunak izango dira sozialismoa erdituko duten espazioak, txikitik hasita”. Baina komunak ezin dira esperimentu isolatu eta bakartietara mugatu, funtsezkoa da elkarren arteko harremana saretzea, maila lokaletik nazionalera, eta gerora unibertsalera. Dela zirkuitu ekonomiko komunalak sortzeko, dela elkarrengandik ikasteko edota elkar babesteko, Venezuelako komunek guztiz beharrezkoa zeukaten nazio-mailako batasun antolakunde bat, eta hain zuzen funtzio hori betetzeko jaio zen Unión Comunera.
Munduan zehar ere ibili izan dira beren sorkuntza aurkezten, Euskal Herrian barne, eta Venezuelatik iritsitako esperientziak ikaspen ugari eskaintzen dizkio demokrazia komunalean edo sozialismoaren eraikuntzan diharduen pertsona eta erakunde orori.
Gure partetik ere eskerrak eman nahi genizkieke Unión Comunera sortzen eta elikatzen lanean ibili diren burkideei, Askapenaren brigadari emandako harreragatik eta eskainitako ikaspen guztiengatik. Jakin dezatela proiektu komunalak Euskal Herriko elkartasun internazionalistaren sostengua eta babesa baduela!
Eta komunako militanteek etengabe errepikatzen duten bezala…
Komuna ala ezer ez!
Independentzia, Komuna eta Sozialismoa!