ESTATUA GERO ETA AHULAGOA; LANGILERIA GERO ETA KOLPATUAGOA
Argentina, gainerako estatu burgesak bezala, indarkeriaren monopolioari eusten tematzen da. Bere historian adibide asko aurki daitezke, baina herrialdean bizi diren krisi eta ezegonkortasun egoera etengabean "gatillo fácil" deritzona da kasurik nabermenetako bat. Hau da, poliziak auzo pobreenetako mutilak tiro egiten eta hiltzen ditu, lapurretaren bat edo delitu txikiren bat egin izana faltsuki leporatuz. Indar errepresiboak horrela jokatzen du jakin badakitelako zigorrik gabe geratuko dela eta estatuaren aparatu osoa daukala atzean. Bestalde, duela gutxi, abuztuaren 10ean, gertatu zen beste adibide zehatzago bat: poliziak Facundo Molares militantea hil izana da. Gertakari hori kameraz betetako leku batean eman zen poliziari ez zaiola ezer axola argi eta garbi erakutsiz, batez ere helburua militante bat paretik kentzea denean. Bi adibide baino ez dira, bata sistematikoa eta bestea kezkagarria, krisi ekonomiko eta politikoan dagoen herrialde batean borrokarekiko jazarpen sistematikorako, errepresiorako eta inpunitaterako joera has baitezake, non eskuin muturreko hautagai trumpista batek presidente bihurtzeko aukera asko dituen.
Argentinako Estatuan 17 orduro “gatillo fácil”eko kasu bat gertatzen da. Kontzeptu hau sortu zen militantei esker eta izendatzeko erabiltzen da estatuak pertsona bat erailtzen duenean errepresio-indarren bidez. Gehienetan hildakoak auzo xumeko gazteak dira. Han polizia organizazio-kriminal bat bezala antolatuta dago eta egoera tirabiratsua edota muntai polizialak (“causa armada”) sortzen dituzte erailketak zuritzeko.
Gainera, sistema judizial burgesak ez ditu gauzak errazten. Kasu gehienak ez dira epai batera heltzen sistema judizialaren bi faktorengatik. Lehenengoa, diruagatik, amek ez daukatelako doako “laguntza-juridikoa” eskubiderik (aukera hori bakarrik existitzen da hiltzailea persona zibila denean) eta ezin dutelako abokatu bat ordaindu. Bestalde, justiziak ez ditu amak onartzen auzi-jartzaile bezala prozesuan. Hau da, kasu hauetan ofizialak esaten badu hilketa beharrezkoa zela, gaztea delitu bat egiten zegoelako. Horregatik, ama batek bere semearen hilketa salatu nahi badu, aurretik itxaron beharko du epaira, kasua argitzeko. Eta normalean, prozesuaren iraupen luzeagatik akzioa preskribatzen da, inpunitatea sortuz.
Halaber, prozesu judizialak, testuinguru burges honetan, ez dira erabilgarriak justizia erreala eskatzeko. “Gatillo Fácil”eko ama batek esan zigun bezala: “No puedo pedir justicia al Estado que entregó la bala que mató a mi hijo”.
Injustizia sistemiko hau salatzeko hildakoen amak antolatu ziren. Hasieran, Coordinadora Contra la Represión Policial e Institucional-ren (CORREPI) bidez, giza eskubideen erakunde bat errepresiozko politikan espezializatuta, egin zuten. Alabaina, bide instituzionalen mugen aurrean, militanteek beste estrategia batzuk jorratzen dihardute. Hau da, nabaritu zuten CORREPI-ren laguntza juridikoa (baldintzatuta) ematen zuela zentzu politikorik gabe, amek ekintzak proposatu arren. Aldaketa honetan igertzen da hildakoak eta haien amak instrumentalizatu ahal direla.
Horregatik, amek erabaki zuten haien kabuz antolatzen hastea eta “Marcha Nacional Contra el Gatillo Fácil” sortzea. Manifestazio hau urtero egiten da –aurten abuztuaren 28an- Estatuaren errepresio sistemikoa salatzeko eta hildakoak gogorazteko.
Argi ikus daiteke "Gatillo Fácil" kasuarekin botere judizialaren eta aparatu burges, zein abokatu erakundeen korrupzioaren bitartez, estatuaren ustelkeria maila. Haatik, langile klasearen kontrako errepresio gogor honek erakuslehio bat irekitzen digu. Alegia, ezin dugu ulertu “Gatillo Fácil”-eko kasuak egiturari eta Argentinako Estatuari erreparatu gabe.
Gaur egungo egoera sozial eta ekonomikoa Argentinan ezengokorra dela esan dezakegu. Neoliberalismoaren mamuak bizitza duin baterako aukerak guztiz suntsitzen ari ditu, pribatizazio eta prekarizazio prozesu luzeen bitartez:
- Pobrezia tasak gora doaz (biztaleon %39,2a pobrezia tasaren azpitik bizi da, INDECen arabera), eta gobernuaren aukera bakarra berauri egotzitako erakunde sozialen bitartez "planak" -estatuko dirulaguntzak- eskaintzea da. Plan hauen bitartez, biztanleek oinarrizko premia batzuk ase ditzakete, elikadura esate baterako. Aldiz, laguntza hau jaso ahal izateko, erakunde sozialetan zerbitzu publikoa eman behar duzu, nahitaez. Finean, probezia sortzen duen instituzio horrek pobreziari aurre egiteko estatu burgesaren mesedetan (erakundeen bitartez) jartzen zaitu; sorgin gurpila argi ikusten da, eta bitartean itxurakeria eta asistentzialismoak pobrezia tasak areagotzen dituzte.
- Logika estraktibistak herriaren baliabide naturalak ustiatzen jarraitzen ditu. Gobernua enpresa transnazionalei saltzen dabiltza, kapital atzerritarren eskutan jarriz herrialdea. Gaur gaurkoz, Argentinan legez baimendutako kapital atzerritarraren jabetza pribatua gainditzen da. Horren adierazle nabariena iparraldean ikus daiteke, adibidez Saltako probintzian: San Carlos eta Molinos departamenduetan, zeinetan %59,8a eta %57,7a atzerritar eskuetan dagoen. Ezaguna den "litioaren triangelua" kokatzen da bertan, baliabide natural handiko gunea.
- Estatu egiturei dagokionez, aipagarria da antolaketaz eta kontrol mekanismotaz hitz egitea. Pasaden urteko Argentina-Uruguayko brigadistek ondo deskribatu zuten bezala, Argentina kontrasteen herrialdea da. Egoera oso desberdinak eta desparekoak antzeman daitezke. Villak eta auzo aberatsak, iparraldea eta hegoaldea edota zentroa eta periferiak. Bada, guzti hauetan, estatuaren instituzionalizazio maila nabarmena da, kontrastez josita. Gune subalternoak instituzionalizatuak badaude ere, txiroenetan ez da hainbeste ematen. Auzo umilenetan askotan ikusten dira zaborra gestionatzeko auzo kooperatibak; “toma de tierras” (jabetza pribatuari kendutako lurrak) praktika ohikoa da, bizileku bat lortzeko adibidez; kontrolik gabeko lurraldeak maiz ikusten dira. Orokorrean, estatuaren presentzia eta kontrola indarrean dagoen arren, arrakalak eta egitura hegemonikoetatik at antolatutakoak (estatu egiturarik gabekoak, gerora okupatzen eta autogestionatzen direnak askotan) ugariagoak izaten ari dira. Egitura falta honek kontrola modu zeharkakoan eta isilpean ematea zailtzen du. Beraz, praktika erradikalagoen beharra izaten dute. Arestian ikusitako “gatillo fácil”-eko kasuak hori aditzera ematen du.
- Gizartearen jarrera politikoa ultraeskuinerantz bilakatzen ari da. Azkeneko PASO hauteskundeek argi utzi dute. La Libertad Avanza alderdi politikoko Milei, Trump edo Bolsonaroren ildo antzekoa jarraituz, hautagaiak arrakastaz irabazi du. Hauteskunde hauetan aldiz, abstentzioak gora egin du. Instituzioekiko mesfidantza handitzen ari da. Zentzu horretan, “No Voto” kanpaina abiatu zuten lehen aldiz hainbat eragilek. Kanpaina honetan politikarien ustelkeria aldarrikatzen zuten: “Gane quien gane, pierde el pueblo”.
Gakoak gako, gaur egungo Argentinak ezustekoz beteriko egoera du. Inperialismoaren periferian kokatutako herrialde honetan, kapitalismoaren kontraesanak azeleratzen eta sakontzen doaz, bizitza bera arriskuan jarriz. Prekarizazioa eta errepresioa handitzen doaz.
Berriki gertatutako kasua Facundo Molaresen erailketa izan da, Votamos Luchar eta Rebelión Popular erakundeen hauteskunde fartsaren aurkako ekintza batean Buenos Aireseko hiriburuan. Facundo Molares militante erreferentzia bat zen. Gaztea zenean Colombian eman zituen hamar urte FARCean borrokatzen. 2021ean atxilotu zuten Argentinan eta Colombiak bere estradizioa eskatu zuen epaitzeko. La Gremial de Abogadoseko lanari esker ez zen izan deportatua eta Argentinan geratu zen bere militantzia jarraitzen.
Abuztuaren 10ean hauteskudeak baino bi egun lehenago, hiriburuko Obelisko plazan, poliziak gogorki isildu zuen kalean egiten ari zen elkarretaratze pazifiko batean. Errepresio zital honetan Facundo hil zuten, inolako defentsa zuelarik. Lurrera bortizki bota zuten, belaunarekin itotuz. Gutxi balitz, beste hainbat militante atxilotuak izan ziren. Hurrengo egunean, Facundo hil zuten plazan, antolaturiko manifestazio batean 40.000 pertsona inguru bildu ziren.
Ez zen kasualitate bat izan. Aurretik pentsatutako errepresio ekintza izan zen. Facundo Molaresen hilketa adibide paradigmatikoa da: Estatu burgesen kontra doan edozeinentzako mezu zuzena. Indar erakustaldi honek diskurtso hegemonikoa mantentzea helburu du. Ez da alderdi politikoen auzia, langile klasearen alde egiten dutenen kontrako gerra da hau.
Jakin badakigu kapitalismoa bera krisian dagoela, etengabeko krisien krisi egoeran. Estatu errepresioaren gorakadak horietako baten zantzua antzematen ari du. Estatua gero eta ahulagoa; eta langileria gero eta kolpatuagoa. Jazartuak antolatzen dabil, baina estrategia amankomunaren gabezia dago. Hala ere, koiunturak aukera anitzak zabaltzen ari ditu. Zein izango da hurrengo sua piztuko duen sugarra? Nondik etorriko da hurrengo kolpea? Eta nola erantzungo dio herriak?