ESTATU BURGESEN ERREPRESIOA GELDITU: VILLALBA FAMILIAREKIN ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA.
Abya Yala historia zapalkuntzaz beteriko bizitza dela esan daiteke. Bertako aberastasun naturalek paper garrantzitsua betetzen dute munduko burgesiaren metatze prozesurako. Beraz, politika eta estrategia inperialistak garatzen ibili dira betidanik Amerikako inguru hauetan. Horretarako estatu golpeak bultzatuz, babestuz eta lagunduz egon dira. Horrek estatu burges titereak sortzera eraman du, hauen helburuak estatu horretako elite lokala eta zentro inperialistako elitearen interesak babestea izan dira. Ondorioz, jatorrizko herrien zapalkuntzan, langile klasearen zapalkuntzan edota genero zapalkuntzan sakonduz.
Egoera sozial, politiko eta ekonomiko honen aurrean, Abya Yalako herria erreferentzia bihurtu da. Historikoki indar haundia erakutsi dutelako zapalkuntza hauei aurre egiteko antolaketa politikoan eta borrokan. Ezagunak dira Monroe doktrinaren logika berean funtzionatu zuen Condor Planaren prozesu zapaltzailearen aurrean sorturiko talde deseberdinak: Tupac Amaruak, Montoneroak, FARC etab. Historikoki antolakunde desberdin asko sortu dira, estrategia desberdinekin. Hori bai, guzti hauen helburua independetzia erreala ("bigarren independentzia") eta justizia soziala izanik. Erakunde desberdin hauen helburuek modu zuzenean egin izan dute talka momentuko elite ekonomikoek zituzten/dituzten interesekin eta hauek lortzeko sortu dituzten estatu burges titereekin.
Hau horrela izanik, Abya Yalako herri borrokatzaileak beldur handia sortzen dio burgesiari. Eliteak betidanik erabili izan duen estrategia du oraindik hauen aurka jotzeko: errepresio poliziala.
Estatuaren errepresio honetan, gatazka haundiak sortu izan dira, non iraultzaileek indar haundia eta babes sozial haundia izan duten. Logika horretan, estatu burgesek zailtasunak dituztenean herri borrokatzailea garaitzeko beste estrategia bat jartzen dute martxan: iraultzaileen familiak erasotzea. Zoritxarrez, Euskal Herrian ere ezaguna den estrategia bat.
Egoera hau munduko borroka politikoak ematen diren toki guztietan aurki daiteke. Hori horrela, oraingoan Paraguayeko egoera azaltzeko beharra daukagu.
Ejército del Pueblo Paraguayo (EPP) taldea 2008 inguruan sortu zen, beraien helburua bertako herri zapalduaren askatasun sozial, politiko eta ekonomikoa izanik. Gorago aipatu den bezala, AEBren gobernu titereak talde hau garaitzeko izaten ari den zailtasunei aurre egiteko, EPP taldearen fundazioan parte hartu zuen Villalba familiako pertsonak (umeak eta EPPkako kideak ez zirenak) jazartzen hasi zen: umeek eskolan bigilantzia izanik, helduek lanean kontrolatuak izanik, etxeen inguruan dronen bitartez uneoroko kontrola izanez etab. Egoera gogor eta jazanezin horren aurrean, Villalba familiak Argentinara egin zuen ihes, bertan errefuxiatu politiko babesa jasoz. Aipatzekoa da prozesu guzti honetan Argentinako Gremial de Abogados taldeak egin duen lana familiari laguntza emanez eta babestuz (abokatu talde hau oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko errefuxiatu politikoen babesa garatzerako orduan, beraien izaera internazionalista erakutsiz).
Villalba familia Argentinan bizi da eta bertako kideek denbora luzez ez dute beraien jatorrizko eta maitatutako lurra zapaldu. Paraguayeko gobernuaren jazarpen politikoagatik beldur eta arazo haundiak izan dituzte. Ondorioz, familiako kide askok Paraguayeko espetxeetan kartzelaratutako kideak ezin bisitatu egon dira (ama, izeba, ahizpak...). Horregatik, 2019an Paraguayera joateko erabakia hartu zuten, familiako kideak bisitatzeko helburuarekin eta beraien maitasuna erakusteko intentzioarekin. Horretarako Laura Villalba (espetxean dagoen Carmen Villalbaren ahizpa) eta familiako zenbait umek bidaia hau abiarazi zuten.
Zoritxarrez, Villalba familiaren beldurrak egi bihurtu ziren. Familia oihanean zegoen kanpamendu batean babestuak (Covid 19 neurriek estatuen arteko mugak itxi zituzten, beraz ezin ziren Argentinara bueltatu eta Paraguyeko estatu errepresiboan itxita geratu ziren). Horrelako batean, Paraguayeko armadak kanpamendua erasotu zuen, bertako kide asko hilez eta Villalba familiako 11 urteko 2 neskatila harrapatuz (lekukoek bizirik bahitu zituztela frogatzen dute).
Beste kideek oihanean barrena ihes egin behar izan zuten bizirik jarraitzeko. Zorigaitzak aurrera jarraitu zuen, izan ere, bi neskatilak "falso positivo" teoriaren logikan sartu zituzten, hau da, umeak EPPko komandanteen arropekin jantzi zituzten eta aitzaki horrekin erail egin zituen, gero gorpuak eta arropak errez. Armadaren justifikazioa 18 urte eta EPPko kideak zirela esatea zen, nahiz eta gezurra izan. Gaur egun, Paraguayeko gobernuak ez du onartzen familiak esaten duena ezta autopsiaren ondorioak, hots, 11 urteko umeak zirela. Honek Paraguayeko gobernu burges titerearen jarrera eta estrategia politikoa argi erakusten du.
Bi neskatilak erailak eta lurperatuak izan ostean, Villalba familiako beste kideak oihanean egon ziren. Ihesean zeuden bitartean armadak jazarpenarekin jarraitu zuen eta iheslari gehiago hil zituzten. Ihesean zeudela familiako 4 kideak separatuta geratu ziren (neskatiletako bat zauritua izan zen eta bakarrik gelditu zen); Laura Villalba (heldu bakarra) bakarrik gelditu zen eta beste bi neskatilak (bi hauek elkarrekin geratu ziren) oihanean galdu ziren. Ondoren, elkarrekin zeuden bi neskek ihes egitea lortu zuten eta gaur egun Argentinan daude errefuxiatu politiko babesarekin (baina oraindik ez daude guztiz salbu); zauriturik geratu zen neskatila oraindik desagertuta dago (Villalba familiak badaki ziurrenik armadak harrapatua izango zela eta eraila egongo dela). Azkenik, Laura Villalbaren kasua daukagu, zeinak hiri batera heltzea lortu zuen, baina bertan poliziak harrapatu eta kartzelan sartu zuen, nahiz eta ez egon bere aurkako atxiloketa agindurik (familiaren jazarpen politikoaren beste erakusle bat).
Gaur gaurkoz, esan bezala, 11 urteko 2 neskatilen erailketa frogatzeko borroka politikoan dago familia, Gremial de Abogadosen eta komunitate internazionalistaren laguntzarekin; bestetik, Laura Villalbaren epaiketaren zain dago herri borrokalaria. Bitartean, salatzekoa da (gertakari guzti horiekin batera) Lauraren egoera gogorra espetxearen barruan, izan ere, isolamentu maila zorrotza eta jasanezina dauka: espetxeko beste kideekin harremantzeko ezintasuna, segurtasun kamerak ziegako txoko guztiak kontrolatuz etab. (horietako neurri batzuk legez kanpokoak dira). Laurari 2 kargu leporatzen dizkiote, alde batetik Terrorismoa (borroka politikoaren desligitimizazioa bultzatuz); bestetik, "desobediencia de menores ", hots, umeen erailketaren ardura berari leporatuz.
Villalba familiak errepresio honen aurrean Argentinako Gremial de Abogados taldearen eta Convocatoria Segunda Independenciaren laguntza eta babesa izan ditu. Talde politiko hauek ez dira borroka internazionalista egiten duten bakarrak, Organizaciones Libres del Pueblo (OLP) taldeak ere lan nabaria egiten du. Horregatik guzti hauek elkartasun sare indartsuak sortu dituzte Euskal Herriko askapen prozesuarekin, Herri Maputxearekin, Paraguayeko iraultzaileekin etab. Beraien lan internazionalistari esker iraultzaile askok babes sozial, politiko eta ekonomikoa lortu dute.
Azaldu den egoera hau Villalba familiaren ingurukoa da. Hala ere, arazo honen erruduna Paraguayeko gobernu burgesa, buergisaren interes kapitalista eta politika inperialistak dira. Honen aurrean, derrigorrezkoa da egoera hauek, bai Paraguayeko herriaren askatasun borroka politikoa bai Paraguayeko gobernuaren politika errepresiboa, ez ahaztea. Guztion ardura da errepresioa salatzea eta borroka politiko iraultzaileak babestea. Beraz, ezinbestekoa da borroka hau internazionalizatzea eta gure arteko sareak sakontzea eta indartzea, gatazka hauei elkarrekin aurre egiteko. Borroka iraultzailea tokian tokitik abiatzen delako, baina iraultzailea izateko internazionala izan beharra duelako.