[Itsaso Zubiria Etxeberria] Kanaberek aurten Artekale 18 stand-etik 23rako tartea apainduko dute. Durangoko kaleetan trago bat hartuz topatzen duzun lagunari garbiago azaltzeko, informazio gunearen ondoan, lehengo urteko leku berean. Baina toki berean, badira 2024an ere ARGIAren mahaietan nobedade bat baino gehiago.
Uzta oparoa izan da azken hilabeteotakoa liburuen kasuan. Aurkeztu berri du Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua eta aurreko urteetan argitaratutako Sendabelarrek dakitena eta Sendabelar baratzea liburu arrakastatsuen ondotik, nobedade horrek ere emango du zer esana. Irailaz geroztik, berriz, kalean da Haziak liburua, eta aurkezpenak ari dira egiten herriz herri, autonomia ereiteko eta herria josteko helburuarekin. Jakin nahi baduzu haziak zergatik eta noraino diren garrantzitsuak herri eta kultura batentzat eta nola egin ditzakezun zureak, hauxe da Durangoko Azokan 2024an eros dezakezunetako bat; Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badalek idatzia.
Hezkuntzari lotuta, Superbotereak bigarren liburua (lehenengoa Bidean) du Koldo Rabadan Izagirrek eta hezkuntza-proiektua diseinatu eta martxan jartzeko hamar urrats proposatzen dizkio hezkuntza komunitate osoari.
Eta dultzaina entzun eta besoak gora jasota erraldoi eta kilikiekin dantzan ibiltzen den haurrik etxean baduzu, aukera polita duzu Adurrek eta Gorka Bereziartuak argitaratu duten Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira ipuina.
Pago-egurrez landutako euskarria izango da aurten beste nobedadeetako bat, ARGIAren egutegi tako klasikoa zintzilikatzeko. Eta baita urtez urte berritzen doazen egutegia bera, Ilargiaren egutegia eta Ilargia eta landareak agenda ere. Ez dira faltako aurreko urteetako produktuak ere, noski, Hizki Pizti, Jarioka, Otu edo Xapoketan jolasak, esaterako edo Bizi Baratzeak argitaratutako liburuak. Eta, nola ez, Jakoba Errekondoren aurrez aurreko kontsultategia izango da askoren erakargarri.
Durangoko Azoka ez baita Landakora mugatzen, Inor Ez Da Ilegala egitasmoko arropak Santa Maria elizako arkupeetan jarriko den postuan eta metro gutxira espresuki egun horietarako irekiko den dendan eskuratzeko aukera izango duzu.
ARGIAren eskaintza aipatutakoa baino zabalagoa da oraindik eta dena ezin zerrenda nezake lerro gutxiotan. Durangoko Azokara gerturatzeko beste aitzakia bat baduzu, ARGIAren stand-etan zer gehiago topatuko duzun ezagutzeko.
The post Urteroko zita DA appeared first on ARGIAren barrenak.