2024-10-03 09:28
Dani Blanco, ‘Haziak’ liburua jantzi duen argazkilaria erdian, ezkerrean Miguel Arribas ‘Kelo’ eta eskuinean Marc Badal, liburuaren egileak.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Honezkero jakinaren gainean zaude, irakurle, ARGIAren azokako hurrengo salmenta top-a zein izango den: Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburua. Edukiz betea iritsiko dena, noski; multinazionalek hazien kontrola izatean duten interesa, bertakoa mantentzearen garrantzia, zibilizazioen historian haziek izan duten bilakaera, eta abar azalduko dizkiguna. Baina irudi aldetik duen aberastasuna izugarria da eta Dani Blanco argazkilariak egindako lana jarri nahi dugu gaur balorean. Lehen pertsonan kontatu digu nolakoa izan den bidea eta lana egin ahal izateko profesionalki egin behar izan duen ikasketa-prozesua.

ARGIAko argazkilaria kazetaritza-argazkietara dago ohituta, hori du espezialitate, eta beste hainbat arlo kontrolatzen baditu ere, makro-argazkilaritza ez da bereziki horietako bat, nahiz eta lehendik ezagutzen zituen oinarrizko zenbait kontzeptu. Haziak bezalako elementu txikiak ahalik eta detaile gehienarekin ateratzeko teknika da makroa eta hori egiten ikasi du Blancok liburu hau sortzeko bidean zehar. “Urtebeteko lana izan da eta hasieratik banekien ere makroarekin aritu beharko nuela, bidean joan naiz ohartzen non sartu garen”, azaldu digu. “Hasteko, bizi ziklo bat duten elementuekin ari gara lanean eta bakoitzak du bere garaia loratzeko, garatzeko, hazia botatzeko… argazkiak ateratzerako unean oso kontuan hartu beharreko zerbait da, momentua pasatzen bada pasa egin delako; ez da torlojuei argazkiak ateratzea bezala”, esan digu. “Horri gehitu behar diogu elementu oso txikiak ari garela maneiatzen eta xehetasun guztiak ondo erakusteko argazkilaritza-teknika zehatz batzuk behar direla”, jarraitu du.

250 argazki inguru ditu liburuak eta bilduma hori osatzeko 2.000-3.000 argazki atera behar izan ditu Blancok, gero egokienak aukeratzeko. “Batzuk errazagoak izan dira eta beste batzuk lan gehiago eskatu didate; tabakoaren hazia da iruditan jaso dudan alerik txikiena, milimetro erdikoa. Hori ahalik eta detaile gehienekin erakutsi ahal izateko 50-60 argazki atera behar izan dizkiot, argazki bakoitzean haziaren puntu zehatz bat enfokatuz, gero ordenagailuan guztiak batuta muntaia egiteko”, adierazi digu.

Esfortzua eta lan-karga handia izan badira ere, oso pozik dago argazkilaria lortutako emaitzarekin: “Ahalik eta xehetasun gehiena ahalik eta kalitaterik altuenean lortzea jarri nizkion helburu nire buruari, eta uste dut lortu dugula”, diosku Blancok.
Testu aldetik mami handia duen liburua da, haziak sekula ikusi gabeko moduan erakutsiko dizkiguten argazkiz osatua. Altxor bat.

Dani Blanco haziei argazkiak ateratzen.

The post Makro-argazkilaritza mikroa xehetasunez ezagutzeko appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.