[Itsaso Zubiria Etxeberria] Herriko festa betean harrapatu nau artikulu hau idatzi beharrak eta gaztetxoak astebete kanpoan pasa ondoren etxera itzuli eta barazki platerkada bat eskatzen duen moduan etorri zait niri ere, uda pasata, errutinan murgildu eta gorputzari osasuntsu jaten emateko asmoa. Amaia Diaz de Monasteriogurenekin (Oñati, 1976) hitz egin dut, nutrizionista bera, eta interesgarria iruditu zait kontatu didana. ARGIA astekarian, Bizi Baratzea atalean, hilabete bakoitzeko lehen astean idatziko du artikulua. Sasoitu da atal berriaren izena.
“Lurraren erritmoak eta logika, gorputzarenak ere badira”. Hala esan dit oñatiarrak. “Elikadura eta pertsonak dira nire pasioa. Hau ardatz izanik, naturak, emozioek, eguneroko ohiturek… gorputzean eta osasunean duten eragina aztertzen, sakontzen eta ikasitakoa konpartitzen dihardut gaur egun”, azpimarratu dit. “Garaikoa, bertakoa eta ekologikoa jatearen garrantziaz aritzen gara, baina nik hori dena zertarako? galderari erantzun nahi diot, zer garrantzi duen horrela elikatzeak gure ongizatean; eta horretaz ariko naiz hileroko artikulu hauetan. Balorean jarri nahi ditut garaian garaikoak gure gorputzari ekartzen dizkion onurak eta koloreek, zaporeek, prestatzeko moduek… gure elikadura planean, gure gorputzean, gure organoetan eta egunerokoan dituzten eraginak zein diren ikasi eta praktikan jartzeko tresnak emango ditut”, azaldu digu.
Osasuna eta autozaintza
Gizarte honen zati bat laborategietan sortutako elikagaietan begia jarrita dagoen bitartean, bada Diaz de Monasterioguren bezalako jendea ere, oinarrira doana, erroetara. Osasuna modu “integralean eta holistikoan” ikusi eta landu behar dela dio. “Garaian garaiko elikadurak bizitzarako beharrezkoak diren nutrienteak ematen dizkigu eta lagundu beharko liguke bizitasuna eta osasuna berreskuratzen; jaten dugunak osatu eta osotu egin beharko baikintuzke”, dio. Eta garrantzi berezia ematen die denon eskura egon beharko luketen autozaintzarako tresnei. Hori ere badu helburu, osasun arloan herritarrak ahalduntzea.
Lehen artikulua, irailekoa, sarean dago jada: Iraileko kolore laranjak. Ni urrikoaren zain nago dagoeneko.
The post Lurraren erritmoan beharko luke gorputzak appeared first on ARGIAren barrenak.