2024-10-09 16:49
Eli Pagola, aurkezleetako bat.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Maitasunez eta kontzientziaz betetako Egonarria podcast-aren hirugarren denboraldia hastear da. 2023ko apirilean egin zuten lehen emanaldia, energia zuen ardatz saio hark, eta orduz geroztik 27 izan dira egindako programak. Irakurle, oraindik bat bera ere ikusi ez baduzu has zaitezke hirugarren denboraldiarekin zuzenean, ez dauzkazu goizaldeko ordu txikietan aurreko 27 emanaldiak ikusi beharrik datozen saio berriak ulertzeko, lasai. Baina lurra eta laborantza interesatzen bazaizkizu, hartu tartea eta engantxatu.

Eli Pagolak eta Mattin Jauregik hartua diote trukoa programari eta ikus-entzule fidelak badituzte, eta “hori estimatzekoa da”, diote saioaren egileek. Lehenak lurrari lotutako aktualitateko gaiak jorratzen ditu platoan, elkarrizketa formatuan, eta bigarrenak, berriz, landa-lana egiten du, lehen pertsonan Euskal Herriko ekoizle edo laborarien esperientziak ezagutu eta ezagutzera emanez. Denboraldi berri honetan gazteak izango dira Jauregik Egonarria saiora ekarriko dizkigunak, erosoena eta errazena ez bada ere, lurraren eta laborantzaren aldeko apustua egin, eta horretan ari diren gazteak. Atal txiki bat gehituko zaio, gainera, horietako bakoitzari zerbait praktikoa erakusteko eskatuko baitie kazetariak: lan bat, prozesu bat, jakintza bat.

Iragan denboraldian, bestalde, ekoizle edo laborari horiei eskatu zitzaien hurrengoari opari txiki bat egiteko, halako hari bat sortuz batetik bestera. Soka-dantza horretan segitzeko asmoa dute hirugarren denboraldi honetan ere, formula gustatu zela ikusita.

Eta Lasarte-Oriako platora ekarri nahi diren adituen profila zein izango den? Arituena. Akaso beti lortuko ez bada ere, arituei, lanean eskuak zikintzen dituztenei, laborariei eman nahi baitie Pagolak ahotsa eta espazioa.

Denboraldi berriko beste aldaketa bat izango da maiztasuna. Hemendik aurrera bi astean behin zintzilikatuko dira emanaldiak, produkzioan pixka bat gehiago mimatu nahi delako programa, irudi gehiago sartuz eta patxada handiagoa eskainiz. Urriaren 23tik aurrera egongo da ikusgai denboraldi berriko lehen saioa, www.argia.eus eta www.bizibaratzea.eus webguneetan.

Mattin Jauregi platotik kanpora ibiltzen da gonbidatuekin.

The post Laborariek badute zer kontatua eta non appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.