[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hiru hilabeteko praktikaldia bukatzear dira Julen Ugartemendia Carcedo eta Manex Usarralde Garmendia lerrook idazten ari naizenean. Ekainaren 3an hasi eta abuztuaren azkenera arte aritu dira ARGIAko erredakzioan lanean eta haiekin hitz egiteko aukera izan dut, argia.eus webgunerako albisteak idazten ari diren bitartean.
Errenteriarra Ugartemendia eta Lazkaokoa Usarralde, kazetaritza graduko azken ikasturtea burutzen hastekoak dira biak irailean eta kazetari lanetan ikusten dute euren burua. Gradua amaitutakoan lan munduan murgiltzeko asmotan dira eta horri begira ARGIAko praktikaldia “baliagarri” izan zaiela diote. Errenteriarrak lehen praktikaldia du eta honela dio: “Hilabete hauetan asko ikasi dut, esaterako, zenbait gairen tratamendu egokia zein den, nolakoa den erredakzio baten lan egiteko modua edo idazkera aldetik; garrantzitsua iruditzen zitzaidan kazetaritza lanbidean aritzea gradua bukatu aurretik”. Usarralde lehengo urtean Berria egunkarian aritu zen lanean eta “orain beste estilo bateko erredakzioa eta lan-taldea ezagutzeko aukera izan dut ARGIAn, txikiagoa eta, akaso horregatik, gertuko harremanak sentitzen direna”, azpimarratu du.
Aktualitateko gaiak landu dituzte batik bat argia.eus ataria elikatzeko. Goizeroko errutina, berbera: egun horretan webguneko erredakzioan lanean arituko diren lankideak elkartu, egun horretarako aurreikusita dauden albisteak eta gaiak landu, eztabaidatu, lehentasunak markatu, lanak banatu… eta idaztera. “Oso gai desberdinak jorratzeko aukera izan dugu ARGIAn eta hori asko gustatu zait, arlo jakin batera mugatu beharrik izan gabe, pixka bat denetik probatzeko”, azaldu du Usarraldek. Ugartemendiak praktikak egiteko asmotan dabilenari esan nahi izan dio Lasarte-Oriako egoitzan topatu duela laguntzeko eta dakiena besteari erakusteko prest dagoen jendea, informazio-iturriak eskaintzen dituena eta akatsak zuzendu eta aholkuak ematen dituena.
ARGIAn kafea norberak berea hartzen du makinatik. Ez dago neskame eta morroirik. Praktiketako gazteek kazetaritza lanak egiten dituzte.
The post Kazetari izateko asmotan appeared first on ARGIAren barrenak.