[Itsaso Zubiria Etxeberria] Berezia egiten zait entzutea hain praktikoa den kazetaritza bezalako ogibide bat izan asmo duten unibertsitateko ikasleek ez daukatela zertan karrera osoan ikasten ari diren hori praktikan jarri; ez dutela nahitaez hedabideren batean praktikaldirik egin beharrik. Praktikak boluntarioak dira eta, beraz, ikasketekin aldi berean uztartu beharra dago. Bolonia sistemarekin duela hamarkadaren bat sartutako gola tarteko, ikasleei klaseetara bertaratzea eskatzen zaie, eta hala borondatezko praktikaldia zaildu. Zurrunbilo horretan erabaki dute Leire Ibarrek (Azpeitia, 2003) eta Julene Flamariquek (Tafalla, 2002) ARGIAn lau hilabete pasatzea.
Kazetaritza eta Ikus-Entzunezko Komunikazioan gradu bikoitza egiten ari dira biak eta urriaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte ARGIAn webgunerako eguneroko albisteak idazten ariko dira eta dagoeneko, bi hilabete pasata, hartua dute martxa.
Aurrez aurrekoaren indarra
Etxetik aritzen dira lanean neurri handi batean eta astean behin bertaratzen dira Lasarte-Oriako egoitzara. “Erredakzioan egoteak ematen dizu jendearekin aritzea, sortzen diren zalantzak ondokoarekin argitzea. Gertutasun hori. Hori ez dago etxetik arituta. Une honetan, baina, praktikak egin ahal izateko aukera bakarra modu hau nuen”, aitortu digu Ibarrek eta Flamariquek gehitu dio “askoz probetxu gehiago ateratzen zaie praktikei erredakzioan bertan egonda, harremanak eginez, aurrez aurreko zuzenketa eta aholkuak entzunez, indibidualismoa baztertu eta gure arteko sareak eraikitzea funtsezkoa baita gizarteari ikuspuntu kritiko bat eskaintzeko”.
Kontent dira biak ARGIAn. Ibar sekula erredakzio batean egon gabea zen orain arte eta unibertsitateko teoria errealitatera ekartzeko aukerak kazetaritza lana ezagutzeko bide eman dio. Flamariquek “gustuko” ditu ARGIAk lantzen dituen gaiak, “gazteon interesei eta problematikei bete-betean eragiten dieten gaiez hitz egiten dutelako”. Lasarte-Oriako egoitzan dagoen “lan-giro ona” azpimarratu dute biek.
Zine mundua probatzeko gogoa du azpeitiarrak, ikus-entzunezkoetan ere ari baita trebatzen. “Ikasten jarraitu nahi dut, hainbat gauza probatzen; oraindik ez daukat norabide garbirik, baina uste dut lan desberdinak ezagutzeko momentua dela, egin nahi dudana aurkitzen joateko”, esan digu. Tafallarrak, kontrara, frantsesari eta ingelesari helduko die, eta era berean euskaraz sortzen, idazten eta trebatzen jarraituko du.
The post Jarri praktikan ikasitako teoria appeared first on ARGIAren barrenak.