2024-11-19 12:49
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nola eskertu daiteke berrogeita hamar urte baino gehiagoan emandako babesa? Ez dira bat eta bi, 323 familia dira ARGIA sustengatu dutenak mende erdiz harpidetza moduan. Zuri-beltzeko 1919 urrun batean sortutako Zeruko Argia-k bizirik dirau, besteak beste, “bizi guztiko” lagun hauei esker, eta nola itzuli emandako guztia? Horri bueltaka aritu da ARGIAko lantaldea azken urteetan, formula topatu duten arte.
Artelan berezi bana bidali zaio bakoitzari, Baztango Azpilikueta herrian bizi den Ines Alba artistak sortutako lamina bat. Hala dio bere azalpenean: “Lamina irudi bat eta bide luze bat da, aldi berean. Eginiko bidearen ospakizuna, eta hurrengorako, ereite bat. Lurrarekin egin dut lan, sostengatzen gaituzten erroekin. (…) Abstrakzioa eta sentsazioak bilatu ditut irudia sortzean, eta espero dut irudi partekatu honekin, lurra eta sustraiak zuekin izango dituzuela; 50 urteotan ARGIAren ondoan egin duzuen bezala, txikitik eragiten jarraitzeko”.

323 harpidedun hauen etxeetara bidali da lamina bana, ARGIAko lantaldearen eskutitz batekin. “Zortedunak eta zorretan sentitzen gara zuekin”, diote momentu batean, hedabidearen 106 urteotan –ez dira asko mende pasako ibilbidea dutela esan dezaketen hedabideak, ez Euskal Herrian, ezta nazioartean ere–, momentu on eta txarretan, ondoan bidelagun, militante izan dituzten harpidedun hauei eskertza eginez. Badira gurasoek hasitako sustenguari jarraipena eman eta lekukoa seme-alabek hartutako familiak; eta “hori izugarri pozgarria da guretzat”, azaldu du lantaldeak.

Nahi dugun iturritik edaten dugula sinistaraziz testuingururik gabeko milaka titularrez bonbardatzen gaituen kazetaritza eredutik aldendu nahi duenik oraindik ere bada eta ARGIAk eskerrak eman nahi dizkie euskarari eta kazetaritza independenteari arnasa ematen dietenei. Aurten berrogeita hamar urtetik gorako harpidedun guztiek jaso dute lamina etxean, baina hemendik aurrera urtero-urtero berrogeita hamar urteko langa pasatzen dutenei bidaltzeko asmoa dute. Albiste asko eta informazio gutxiko garaiotan, ospa dezagun bagarela nor, hemen badela euskaraz bizi nahi duen herri bat eta bizitzen jarraituko dugula.

The post Ezin kitatuzko zorra appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.