[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gazte hauek lortu dute bertsolaritzari siglak behintzat lapurtzea, hitz-joko batetik hasi zenak bere bidea egin baitu eta, bereganatu, txapelketa gorenari ebatsitako hizki handiak. BTN. 2022an Goenaga jogurtekin jolasean hasi zuten ibilbidea, baina bukaera emateko ordua ere iritsi da. Haizea Aranak, Oihana Aranak eta Aner Euzkitzek gidatutako saiorik ez dugu denboraldi batean behintzat gehiago ikusiko –ez badira errepikatuak, zintzilikatuta geratuko baitira guztiak argia.eus atarian–.
Ikusita Bertso Txapelketa Nagusiaren eta ondoren Señora Sariketen jarraipena egiteko sortu zen bideopodcastek zer nolako arrakasta izan zuten, 2023ko abenduan urtebeteko proiektuari eman zioten hasiera eta ordutik 24 saio egin dituzte. Saio freskoak izan dira, batez ere kultur munduko jendea izan dute gonbidatu, baina beraien arloko gaiez aritu beharrean jorratu dituzte beste bide batzuk eta eztabaida eta elkarrizketa politak sortu dira. Aiora Zulaika Pirritx, Xabier Amuriza, Onintza Enbeita, Danele Sarriugarte, Odei Barroso, Amets Aznarez edo Oihana Fernandez de Barrena izan dira, beste askoren artean, BTNko gonbidatuak. Bi saio berezi ere egin dira 2024an zehar, platotik kanpo: Ziburuko Azokan bata, Yolanda Arrieta eta Bea Salaberrirekin eta EHZ festibalean bestea, Kattina Haran jaialdiko antolatzailearekin eta Anari musikariarekin.
Profil gaztea jarraitzaile
Jende gaztea izan da orokorrean saioak jarraitu dituena (espero bezala), baina 40 urte inguruko emakumeen kopurua ere txikia ez dela ohartu dira eta gustura daude lantaldeko kideak.
Aitor Altuna, Beatriz Egizabal Grego eta Edurne Azkarate izan dituzte kolaboratzaile eta umorerik ez da falta izan, kritikatik beste.
“Mimoz eta gustuz egindako lana izan da, baina deskantsua ere behar dugu”, adierazi dute ARGIAko lantaldean honi heldu dioten hiru lagunek. “Ez dizkiogu ateak itxiko BTN berri bati, baina bukaera bat ere behar zuen honek”, esan dute. Nahiz eta saioak amaitu diren, ikusgai daude sarean eta ez dira iraungita gelditzen, oraindik ikusi ez dituenarentzat ere.
BTN berririk izango den nork daki –txapelketa bai, ziur, egon lasai, bertsozale, BEC-eko aulkiak ondo zapaltzeko aukera gehiago izango dituzu–, baina izango bada zer forma hartuko duen ezin jakin. Zain geratu beharko dugu.
The post Bukatu da BTN bideopodcasta appeared first on ARGIAren barrenak.