2025-02-25 12:43

Ez badaukazu behintzat izugarrizko interesik ARGIA guztiak gordetzeko, edo ez bazara bizi behintzat gordeleku handi bat duen etxe batean, ziur zu ere joana izango zarela paperezko poltsa bete aldizkari zahar hartuta edukiontzi urdinera –edo zorte pixka batekin atez ateko hondakin bilketa sistema jarria duen herri batean bizi bazara, zure kakotik zintzilik utziko zenuen kubo bete ARGIA–. Ez nuke mezu okerra bidali nahi, fisikoaren aldekoa naiz ni, pantailaren aurrean irakurri zalea bainoago. Kontatzera natorrena da, ARGIAren harpidedunak laster jasotzen hasiko zaretela bota beharrik izango ez duzuen irakurgai bat.

Desberdina izango da. Orria. Berezia edukiz, idazkeraz, diseinuz, formatuz. Duela urte batzuk ARGIAko erredakziora lankide batek ekarri zuen frantsesezko Esprit Autonome aldizkari aski kurioso bat. Tolesturaz betetako orri handia, plegu bakoitzean eduki bat agertzeko antolatua. “Horrelako zerbait egin behar genuke” hartatik pasa dira sasoi batzuk, beti egitekoen zerrendan, eta azkenean egin diote bidea. Bizi Baratzea, lurrari begiratzen diotenen Orria du izena eta urtaro bakoitzarekin kaleratuko da: eduki praktikoak izango ditu batetik, eta gozamenetik ikastekoak, bestetik; askotariko gaiak ekarriko ditu, ingurumenari, naturari, laborantzari lotutakoak eta, orri handian, poster eder bat ekarriko du, argazkiz edo ilustrazioz osatua.

Bizi Baratzea proiektuak badu bere komunitatea: webgunea maiz kontsultatzen dutenak, astelehenero 11.000 lagunek (11.000!) posta elektronikoz jasotzen dute buletina, 2.000 lagunek jarraitzen dute Telegram kanala, Egonarria podcasta, eta Jakoba Errekondoren asteko lanek badute publiko fidela… Komunitate horretan, bada erritmo lasaiagoan bizitzeko hautua egin duen jende perfila. Horregatik egingo du bat aldizkari berri honek urtaroekin, urtaroetan asteek eta egunek baino, naturaren zikloek agintzen baitute eta denborak patxadatsuagoak dira.

ARGIAko harpidedun guztiek jasoko dute etxean Orria, baina harpidedun ez denak ere aukera izango du orri honetara soilik harpidetzeko. Martxoko azken astean argitaratuko da lehena, udaberriarekin batera. Urtaro oso bat izango dugu dena goitik behera plazeretik irakurri eta aurreneko posterra paretan zintzilikatzeko.

Martxoaren 10etik aurrera informazio gehiago bizibaratzea.eus-en

The post Argitalpen berri bat urtaro bakoitzean: orri handi bat appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.