[Itsaso Zubiria Etxeberria] Dena inportatzen dugu, bost inporta gabe kostu ekologiko, humano edo ekonomikoa. Pentsa, koloreak ere inportatuak dira jada! Mimosa edo kalendula horia… ez da batere erakargarria. Kurri horia, hori bai; horrek gehiago saltzen du! Bada, ARGIAk proposatu digu aurtengo neguko modako jertsearen kolorea horixe izatea. Horrez gain, tenperatura goxoak ditugunerako beste aukera bat ere prestatu dute, oraingoan kamiseta burdeos kolorekoa izango da.
Kale salmentan aritzen diren Mbolo Moye Doole migratzaileen kolektibora bideratzeko diru pixka bat ateratzeko asmotan prestatu ditu ARGIAk jertse eta kamiseta berriak.
Sei urte dira ARGIAren eta Mbolo elkartearen ekimena martxan dela eta asko dira kalean ikusten diren poltsa, kamiseta eta jertseak. Irabazien erdia jasotzen du jatorri senegaldarra duten Bilboko kale-saltzaileen kolektiboak eta urtero produktu berriak kaleratzen jarraitzen du ARGIAk, arrakasta ikusita.
Webgune berria
Azoka.argia.eus webguneko Azokan egon izan dira orain arte eskuragarri produktuok. Interneten egoteaz gain, Lasarte-Oriako ARGIAren bulegoetan, Durangoko Azokan eta beste salmenta puntu batzuetan erosteko aukera egoten da. Baina laster ezagutuko dugu Inor Ez Da Ilegala ekimenaren webgunea eta publiko egiten denetik aurrera hor ere erosi ahal izango ditugu proiektu honetarako sortutako jertse, kamiseta, poltsa edo liburuak.
Durango ere berritasunez beteta
Landako guneko ARGIAren postuetan arropa salmentarik egin ezin denez, azken urteetan ikusia izango duzu Durangoko Santa Maria elizaren arkupeetan Inor Ez Da Ilegalak jartzen duen mahaia. 2024ko abendurako antolatuta dagoen Durangoko Azoka baliatuta, aurreko urtean Korrika-ren denda egon zen espazioan aurten Mboloko eta ARGIAko kideak ariko dira inor ez dela ilegala aldarrikatzen duen arropa saltzen.
The post Aldarrikapenez jantzi appeared first on ARGIAren barrenak.