2024-07-24 15:29
Hernaniko (Gipuzkoa) Tripontzi jatetxean egin zuen bazkaria ARGIAko lantaldeak. Xabier Letona lankidearen eskutik jaso zuen Argia Saria berezia Pello Zubiriak, erretreta hartu bezperatan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Onintza Irureta Azkune] Zeruko Argia, 1980ko martxoaren 30eko astekaria. 29. orrialdean, Artasok sinatzen duen artikulua aurkituko duzue. Hiru orrialde idatzi zituen Pintxadiskoak: otsolarruz jantzitako ardiak (I) izenburupean. Horrela hasten da artikulua: “Behin batean ba omen zihoan azeri harro bat, ia tontoa bezain harroa, kaleetan zehar, eskuan irratia, Los cuarenta principales entzunaz (…), Patti Smithen bajo demassak txoraturik”. Honezkero hartu diozue tankera zeri buruzkoa izan zen artikulua. Horixe izan zen Pello Zubiria Kaminoren lehenengo artikulua Zeruko Argia-n, garai hartan ohikoa zen moduan ezizenez sinatuta. Zeruko Argia-k “zerua” galduko zuen 1980ko uztailaren bukaeran. Pintxadiskoei buruzko kolaborazioarekin hasi eta ARGIAren proiektuan buru-belarri aritzera igaro zen Zubiria. 24 urteotan denetarik probatu du: Antza inprimategian, gorbata jantzita erakunde publikoetako bulegoetan, zuzendari, argazkilari, eta kazetari.

Argia Sariak Hernanin
Uztailaren amaieran erretreta hartu du eta ARGIAko lantaldeak agur-bazkaria antolatu zuen hilaren 12an Hernanin. Aurten salbuespena egin du ARGIAko lantaldeak eta urtarrilekoez gain, bigarren Argia Sariak antolatu zituen hilaren 12 hartan. Urtarrilekoetan ez bezala, saridunak ustekabean jaso zuen saria Xabier Letonaren eskutik, Antton Olariagaren oroigarri “benetakoa”. Sarian hauxe serigrafiatuta: 1980tik txikitik eragiten. Txikitik eragiten leloa Zubiriak berak asmatu zuen 2015. urtean Oñatin egin genuen Argia Egunerako. Hala aurkeztu genuen leloa orduko hartan: “Txikitasunak lotura handia duelako ARGIAren izateko moduarekin eta gurean lantzen ditugun gaiekin, desazkundearekin, eredu jasangarriago batekin, herrietatik sortutako jendarteko mugimenduekin… Txiki asko, txikitik eragiten, bestelako mundu baterantz bidea urratzeko gai garelako”.

Ez adiorik
Ofizialki azken laneguna izango du uztailaren 30a. Beste kontu bat da, ordea, Lasarteko egoitzara etortzeari uztea. Despedidako bazkaritan lankideok gogorarazi diogu, gutxienez, bazkariak eta kafe-hartzeak espero ditugula, eta batek daki kazetari zakur zaharrak bere betiko luma zorrotzez artikuluren bat idatziko ote duen. Oraingoz, Zubiriaren azken pieza Erraustegiak lehen pozoiak erakutsi baldin baditu… zer egin? izenburupean, ekainaren 13an argitaratutakoa izan da. ToxicoWatch fundazioaren txostena kontatu du, zeinak Gipuzkoako erraustegiaren emisioen bost urteko jarraipenaren emaitzak aurkeztu dituen. Bukaera emateko modu aproposa, Zubiriak, kazetari eta herritar gisa, Zubieta auzoan (Donostia) eraiki duten erraustegiaren ingurumen eta osasun arriskuak azaleratu eta egitasmoa bertan behera uzteko lan egin baitu azken urteotan.

The post 1980tik txikitik eragiten appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.