2025-05-17 00:00

Marienia Babestu Eta Ereiteko Eremua

Maiatzaren 17an landatze eguna

ELB – Lurzaindia - Ostia


 

2014az geroztik, Kanboko herri sartzean eraiki nahi den etxe-multzo batek bazterrak harrotzen ditu. Auzapezaren taldeak bultzatu Marieneko lurren artifizializazio saiakerak ondasun horren babesteko mobilizazio zabala kausitzen du bekoz beko.

Hazlurraren desagerpenak, aldaketa klimatikoak, laborarien biziraupenak lehentasunen berrikustea galdegiten daukute, nahiz politikari, enpresaburu eta diruz gose diren jabe batzuek beren zereginetan tematu. Botere eta etekinen salbatzeko, etxebizitza eskasia eta bizitegi beharra aipatzen dituzte, Kanboko erdigunean bizitegien eraikitzeko beste aterabide konkretuak badirelarik.

Ez dugu Marienia betoiaz estaltzen utziko, Bouygues Immobilier multinazionalak bururatu nahi lukeen proiektu hori behin betikoz bertan behera utzi arte. Polizien atxiloketek, auziperatzeek eta isunek ez dute helburu hori geldituko.

Marienia laborantza lurra da, bere belardiak betidanik landuak izan dira. Barazkiak ere landatu daitezkeela erakutsi nahi dugu. Lekuko eta kalitatezko mozkinen biltzeko ahala emanen du, ingurugiroa errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan. ELB, Lurzaindia eta Ostiak abiatu duten laborantza ekimen hori talde anitzek sostengatzen dute, baita lurralde honetako biztanle gehienek.

Ingurugiro sano eta bidezkoan bizi nahi badugu, jendarte eta politika norabide aldaketak beharrezkoak dira. Lekuko hautetsiek har ditzaten beren ardurak, biztanleria lurra eta etxebizitzaren aldeko dinamiketara lot dadila. Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da.

Lagun, familia, elkarte, zatozte kopuru handian Marieneko lehen landatze egunera, heldu den maiatzaren 17an. Elkartze, aldarrikapen eta festa momentu garrantzitsua izanen da (ekar zuen bazkaria, besteekin partekatzeko). Zatozte makila eskuan : hesiaren luzaran jarria izanen da, lurrean zin kolektiboa zigila dezagun, gure determinazioaren lekukotasun gisa, maite dugun hazlur hau babesteko.

 

Maiatzaren 17ko egitaraua (xehetasun gehiago ondoko asteetan)

11etan: IBILALDIAK MARIENERA abiatzeak Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik

12etan: MAKILEN ZINA ETA EKITALDIA ondotik bazkari partekatua

Arratsaldeko 2etatik goiti: LANDAKETA HERRIKOIAK (lursagarrak, biper eztiak, kuiak)

 

Elkarteei dei berezia

Marienia behin betiko hazlurra izan dadin, denen inplikazioa da beharrezkoa. Kasu enblematiko honek agerian uzten ditu lurren kudeatzeko eraman behar diren eta ez diren politikak.

Elkarte, sindikatu, Marieneko adierazpenaren sinatzaile, batu zaitezte maiatzaren 17ko deira eta zuen kideak gomita itzazue. Denen artean lortuko dugu irabaztea.


 

Euskal Herriko proiektu autokudeatuen sarea