2018-10-30 14:14

Astebete baino gutiago falta da Kanakyko independentzia erreferendumerako. Heldu den igandean, azaroaren 4an, urte luzetan borrokaturiko autodeterminaziorako eskubidea gauzatuko dute Kanakiarrek. Ozeano Bareko Melanesia artxipelagoan kokaturik dagoen herri honek, Frantziaren mendeetako koloniazioaz askatzeko berebiziko urratsa egin dezake.

Frantziar Estatuaren eta Kanayren arteko gatazka politikoaren ondorio da 1998an izenpeturiko Nouméako hitzarmena. Bertan jasotzen denez, lau urteko tartean independentziarako hiru erreferendum gauzatzeko aukera dago.

Frantziaren inperio kolonialaren hondarretako bat den nazio bateko herritarrek haien etorkizunaz erabakiko dute igandean. Esklabotza, kulturaren asimilazio bortitza, natur-baliabideen ustiaketa, eskubide zibil eta politikoen ukapena… Honakoak dira Errepubliak Kanakyko herria zapaltzeko erabilitako bitartekoak. Kanakiarrek haatik, deskolonizazio prozesu hau muturrera eramateko engaiamendu irmoa hartu dute. Ingurumen politika, lana, osasungintza, hezkuntza, kultura…Frantziar estatu jabino eta neoliberalaren parean, honetaz guziaz erabakitzeko nahi dute Kanakiarrek independentzia.

Iritsiko da Korsikako, Bretainiako, Okzitaniako, Ipar-Kataluniako eta Euskal Herriko gazteok ere aske izatea erabakiko dugun eguna. Ordura arte, Errepublika zatiezinaren presondegiko hormetan arraildurak sortzen segituko dugu. Gu beti Kanakyrekin !

 

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundea.