ZIZURREN EUSKARAREN KONTRA EMANDAKO EPAIA DELA ETA
UPNk pozarren iragarri du: berak jarritako errekurtso bati esker, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak profil elebiduna kendu dio obretako langileen lanpostu bati. Baina ez ditu honako hauek argitu:
1.- Obretako langileen 9 lanpostu dira, eta bakar batek zuen profil elebiduna, hots, espainieraz gain euskara jakin behar zen horietako batean.
2.- Lanpostuko lana gauzatzen da, besteak beste, kalean, Olentzeroren eta erregeen ospakizunetan, San Joan bezperako suetan, ikastetxeetan, kultura etxean, Gaztetxean, eta, bistan da, badu harremana jendearekin.
Epaiak gauza harrigarriak esaten ditu, adibidez:
“Herritarrek eskubidea dute Udalari euskaraz egiteko, baina eskubide horrek ez dakar berekin euskarazko ahozko eta idatzizko erantzuna jasotzea”.
Sinestezina! Epaile eskuzabal hauek baimena ematen digute euskaraz egiteko! Baina ez administrazioarengandik erantzuna euskaraz jasotzeko! Euskarari buruzko 18/1986 Foru Lege Euskarak hauxe dio, 17. artikuluan (eremu mistoa):
“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.
Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:
a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Oso interpretazio bihurria eta asmo gaiztokoa egin behar da esateko hor ez dela bermatzen euskarazko erantzuna jasotzeko eskubidea.
Gainera, epaileek jokatzen dute ezagutuko ez balute bezala Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Espainiak Gutun hori sinatu eta berretsi du, ea hauxe dio 7.2 artikuluan: “Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen aldeko neurri bereziak hartzea ez da hartuko eremu zabalagoa duten hizkuntzetako hiztunen aurkako diskriminazio-ekintzatzat”.
Eta hori dena aski ez dela, UPNk dioenez, epaiak Zizur Nagusiko Udala zigortzen du kostuak pagatzera. Abusu hutsa da: Udalak ez du errekurritu, eta normalean errekurtsogilea behartzen da kostuak pagatzera, funtsik gabeko errekurtsoak jartzeagatik. Gainera, epai hau ekarri duen errekurtsoa ez da jarri Zizur Nagusiaren kontra, baizik Nafarroako Administrazio Auzitegiak aurretik emandako ebazpen baten kontra, zeinak bidezkotzat jotzen baitzuen lanpostuaren profil elebiduna.
Berriki, Nafarroako epaileak elkarretaratze batean bildu ziren, honako hau zioen pankarta batekin (espainiera hutsean, jakina): “Justizia independente eta kalitatezko baten alde”. Ba horixe: Utz diezaiotela, behingoan, beren karguak baliatuz politika egiteari, gai honetan eta gainerakoetan.