NAFARROAKO GOBERNUAREN LAN DEIALDIETAN, ALDAKETA GUTXI
2015-2019ko agintaldia amaitzen ari da. Administrazioa sartzeko lan deialdietan, euskararen balorazioari dagokionez, aldaketaren aldeko Nafarroako Gobernuaren bilana egiteko tenorea da.
Euskaraz jakitea ia ez du eskatu. Ez da harritzekoa, hezkuntzatik kanpoko lanpostuen % 1ak baino gutxiagok baitu euskarazko hizkuntz profila. Aurreko agintaldiko kopuruaren antzekoa, alegia.
Osasunbidean sartzeko lan deialdietan puntuatu du euskara (salbu legeek “ez-euskaldun” deitzen duten eremuan; han, alemana, frantsesa eta ingelesa baloratu ditu, baina euskara ez), hain zuzen ere aurreko Gobernuaren arauak aplikatu dituelako. Hortik kanpo, Administrazioan sartzeko lan deialdietan sistematikoki ez du puntuatu euskara: 77 lan deialditan, alegia.
Beraz, Nafarroako Gobernuaren Administrazioan sartzeko lan deialdietan, egoera ez da aldatu UPNren Gobernuekin alderatuta.