NAFARROAKO GOBERNUA: “LUMBIERKO ARROILA”?
Nafarroako Gobernuak, errepideetako errotuluetan, ez ditu jartzen herrien euskarazko izenak baldin izen horiek legez ofizialak ez badira. Hala, herritar batek kexa bat bidali zion Euskarabideari, 2021ean, N-121 errepidea berritzeko lanetan “Oricáin”, “Osacáin” eta horrelako zenbait jarri zituztelako, erdarazko grafiaz soilik. Euskarabideak erantzun zion: “Jokabidea arauaren araberakoa delakoan gaude. (...) Oricáin edo Osacáin, adibidez, horrela daude hori dutelako gaur egun izen ofiziala”.
Eskatzen dugu Euskaltzaindiak araututako Orikain, Otsakain etab. jar daitezela, forma horiek legez jaso nahiz ez.
Lapurdiko autobidean, adibidez, batzuetan ele bitan ikusten ditugu herrien izenak: “Ziburu” eta “Ciboure,” esaterako. Eta euskarazko formak ez dira “legezkoak”.
Nafarroan, frankismoan, herri batzuen izenak ele bitan jarri zituzten plaketan: “Erri-berri” (sic) eta “Olite” eta “Nabaskoize” (sic) eta “Navascués”, adibidez. Eta orduan ere euskarazko formak ez ziren “legezkoak” (Nabaskozen gauza bitxia gertatzen da: Frankismoko plaka ele bitan dago, eta oraingoa, berriz, espainiera hutsean, berriki aldatu ez badute behintzat).
Eta Nafarroako Gobernuaren “logika” horri jarraituz, Pirinioetako autobian, esaterako, honelakoak ikusten dira: “Liedenako tunela” eta “Yesako tunela”. Euskaltzaindiaren arabera, “Ledeako tunela” eta “Esako tunela” jarri beharko litzateke.
Zer ote da hurrengoa? Irunberriko arroilerako seinale guztiak espainiera hutsean daude. Nafarroako Gobernuak noizbait euskaraz ere jartzen baditu, “Lumbierko arroila” jarriko du, bere “logikari” jarraituz?
Bestalde, Gobernua ez da hain legalista beste kasu batzuetan. 2019an “Mendigorria” bihurtu zen Mendigorriaren izen ofiziala (gaztelaniazko azentu-markarik gabe), baina hainbat karteletan aldatu gabe segitzen du. Azentu-marka kentzeko eskatu zuen herritar batek, eta hondatu arte ez zituela aldatuko erantzun zion Lurralde Kohesiorako Departamentuak. Hau da, 20-30 urte igaro arte.
Azkenik, Euskarari buruzko Foru Legeak ezartzen du Euskaltzaindia dela hizkuntza arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala. Seguru Euskaltzaindiak ez duela hobesten “Oricáin” eta “Osacáin” bakarrik idaztea, eta are gutxiago “Liedenako tunela” eta “Yesako tunela” bezalako aldrebeskeriak errotulatzea.
Errespetua eskatzen dugu euskararentzat. Errotuluetan euskarazko formak nahi ditugu beti, zuzen, aldrebeskeriarik gabe.