IRUÑEKO UDALA: NOIZKO EUSKARAZ?
Joseba Asironek, oposizioan zela, errekurtso bat jarri zuen “Plaza de la Constitución” zioen errotulua euskaraz ere egon zedin. Epaiketa irabazi zuen, baina orain bera da alkate, eta ez du oraindik euskaraz ere jarri.
Bestalde, Iruñeko Udalak “Camino de Santiago” zioen errotulua erdara hutsean jarri zuen 2022an. Errekurtsoa jarri genuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta irabazi. Euskaraz ere jartzeko agindu zion Iruñeko Udalari, baina ez zuen ebazpena bete. Orain, hilabeteak daramatzate udal gobernuan EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek, baina haiek ere ez dute bete. Erdara hutsean segitzen du.
Horretaz gain, udal gobernu hau hasi eta berehala, errotulu batzuk ele bitan jarri zituzten, baina 103/2017 Foru Dekretua bete gabe. Arau horrek dio errotulu elebidunetan lehentasuna eman behar zaiola hizkuntza gutxituari, lehenik euskaraz jarri behar dela (lehen xedapen gehigarria). Horren berri emanez idatzi genien alkateari eta zinegotzi batzuei, baina berdin segitzen du, 103/2017 Foru Dekretua bete gabe. Hala, errekurtsoa jarri beharko dugu Nafarroako Administrazio Auzitegian.
Beraz, hona hemen gure eskariak:
1.- Konstituzioaren plazako errotulua euskaraz ere jar dezala Iruñeko Udalak, orain.
2.- Donejakue Bideko parkeko errotulua euskaraz jarri dezala, orain.
3.- Iruñeko Udalak, errotuluetan, lehentasuna eman diezaiola euskarari, 103/2017 Foru Dekretuan ezarri bezala.
Idazki honi laguntzeko argazki bat egin dugu. Bi kide jarri dira Konstituzio plazako errotuluaren ondoan, honako hau zioen pankarta batekin: “Ez da gure konstituzioa, baina... Noizko euskaraz?” Argazkia egiten ari ginela, polizia espainiarren bi auto gelditu dira, eta bertan ginen hiru kideei eskatu digute nortasun agiria. Euskara susmagarria al da? Edo pankarta bat zabaltzea?