ESPAINIAKO NORTASUN AGIRIAK BERRIRO GAZTELANIA HUTSEAN?
Espainiako Gobernuak jendaurrean jarri du NANa arautuko duen Errege Dekretu berriaren testua eta, hori azterturik, Espainiako nortasun-agiriak gaztelania hutsean egiteko arriskua egon daiteke, testua bere horretan onartuko balu Espainiako Gobernuak.
Orain indarrean dagoen 1553/2005 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluak honakoa xedatzen du NANaren testuen hizkuntzaren inguruan:
Los textos fijos se expresarán en castellano y los expedidos en territorio de aquellas Comunidades Autónomas que tengan otra lengua oficial, serán también expresados en esta.
Esaldi horri esker, NANetako testuak gaztelaniaz eta euskaraz agertzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan (ez, ordea, Nafarroan). Jendaurrean jarritako testu berriak ez du xedapen hori jasotzen; beraz, horrek euskara erabiltzeko oztopoa ekar dezake Euskal Autonomia Erkidegoan. Nolatan proposatu dezake Espainiako Gobernuak halako atzerapausoa? Azkenaldian euskararen, katalanaren eta galegoaren hiztunontzat aukera berriak zabaldu zaizkigunean, ez dirudi koherentea denik.
Horregatik, gure taldeak eskatu du, jendaurreko epe horretan, gehitu dadila aurreko Errege Dekretuko esaldi hori Dekretu berrian ere, eta, horrekin batera, eskatu du, berezko hizkuntza ofiziala ez denean autonomia-erkidego osoan (Nafarroan), halakoetan ere erkidego osoan bi hizkuntzetan idaztea. Izan ere, gaur egun, Nafarroan NANak gaztelania hutsean egiten zaizkie herritarrei.
Espero dezagun Espainiako Gobernuak ekarpena aintzat hartzea, eskubideak bermatzeko eta handitzeko, horiek murriztu ordez.