2019-06-05 22:26

BERRIOBEITIK EZIN ESKATU EUSKARA LANPOSTU BATERAKO

 

Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2018ko irailaren 14ko Ebazpenaren bidez, ez dio utzi Berriobeitiko Udalari euskara eskakizuna jartzea arkitekto tekniko/aparejadore lanpostu baterako (deialdi berria argitaratu zen 2019ko maiatzaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean).

Nafarroako Euskararen Legeak, 17. artikuluan, dio eremu mistoan herritar guztiek dutela eskubidea Administrazio Publikoei zuzentzeko euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta eskubide honen erabilera bermatzeko, eremu mistoko Administrazioek hau egin dezaketela: Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

Errealitateak, ordea, Euskararen Legea baliogabetzen du. Batzuetan, ikusten denez, Administrazioek botere hori galdu egiten dute, auziak zabaltzen direnean. Lehenago Zizur Nagusiko Udalari gertatu zitzaion eta orain Berriobeitiko Udalari.

Ez da Nafarroako Administrazio Auzitegiaren funtzioa zehaztea zein lanpostutarako behar den euskaraz jakin eta zeinetarako ez. Eremu mistoko Administrazioen ahalmena da hori.

Administrazioan Euskaraz Taldeak hori salatu nahi du. Gertatutakoak erakusten du euskararen ustezko babes legala fantasia dela maiz.

 

Administrazioa euskalduna izatea bilatzen dugu. Batez ere Nafarroan aritzen gara.