Iñaki Urrizalki iruindarra da jaiotzez eta Donostian bizi da egun. Biologia ikasketak egin zituen, eta 22 urtez aritu zen enpresa pribatuan ingurumenarekin erlazionaturiko gaietan aholkulari. Azken hiru urteetan, berriz, Uraren Euskal Agentziako zuzendari lanetan aritu da.
Uraren ustiaketak, eta bide batez uraren inguruko erabilera guztiak, ur-ekosistemetan bere ondorioak sortzen dituzte, askotan oso larriak: ur-eza, kutsadura, ibai-bazterren degradazioa, oztopoak, uholdeak, espezie inbaditzaileak... Azken urteotan gure inguruko ur masen egoera asko hobetu den arren asko dago egiteke. Hitzaldi honen helburua arazo horiek nola ekidin daitezkeen eta gure ur-ekosistemak nola hobetu daitezken azaltzea izango da, uraren kudeaketaren ildo nagusiak zein izan beharko liratekeen jorratuz.