Erreproduzitu bideoa
solasaldia
Literatura eta Euskal Gatazka
2021-09-01

Iraultza Txikien Akanpada egin dute Artean abuztuaren 25etik 29ra bitartean. Bertan, literatura eta euskal gatazka lotu eta sakonki aztertu dituzte Mikel Antza, Laura Mintegi eta Ekhi Eizagirre idazleek.

Larunbat goizean, Literatura eta euskal gatazka saioan, Laura Mintegik euskal literaturaren, idazleen eta borroka armatuaren arteko erlazio historikoaz hitz egin du. Distantziamendu prozesu bat marraztu du. 70eko hamarkadan, ETAn ez sartzearen erruduntasuna kudeatzeko, borrokarekin lotu zuten beren lana idazle askok, “modu ekidinezinean”. 2000. urteko idazleentzat, aldiz, gatazka aipatu ere ez egitea aukera bat zen. Iraganeko eztabaidak hartu ditu gogoan: artearen funtzio etikoa vs estetikoa; literatura Euskal Herriaren aldeko borrokaren zerbitzura –Txillardegi– edo jarduera autonomo gisa –Atxaga–. Kurioski, azkenaldian berpiztu diren eztabaida eta ikusmoldeak.

Ekhi Eizagirrek eta Mikel Antzak pertsonaletik heldu diote gaiari. Biek al biek esan dute literaturak bizitza salbatu diela bizitzaren une mingarri edo zaurgarrienetan, eta bereziki espetxealdian. Eizagirrek nagusiki poesia idatzi zuen ziegan, barrenak askatzeko, osatzeko, ez gaixotzeko, arnasteko. Intimitatea oinarri. Hasiera batean berarentzako, gerora publikatzea buruan, eta argitaratzeak ahalduntzea eskatu zion, eta erabaki bat hartzea: “Intimitatea politizatzea”. Intimitate “interbenitua”, edonola, idatzitakoa epaileek, kartzela funtzionarioek edota Poliziak irakurriko baitzuten.

Egilea(k):
ARGIA