Soziolinguistika Klusterrak laugarren urtez antolatuta, Euskal Soziolinguistika Jardunaldien baitan, J.C. Etxegoien “Xamar” elkarrizketatu zuen Belen Uranga klusterreko kideak.
Bertan Xamarrek, ohi duen estilo bizi eta zorrotzean hainbat kontu azpimarratu zituen. Besteak beste: gaur egun sozialki etengabe zabaltzen den eta “ia ikusezin” bihurtu den euskararen kontrako diskurtsoa neutralizatu beharra, edota berreskuratze-ahaleginetan, irakasleak lehen lerroan edo “lubakian” daudela eta maiz haiengan gehiegizko zama jartzen duela gizarteak, ardura orokorra denean.