Iraultza Txikien Akanpada egin dute Artean abuztuaren 25etik 29ra bitartean. "Euskal oasia? Ustelkeriaren trapu zikinak agerian" hitzaldia eskaini dute Ainhoa Intxaurrandieta, Ahoztar Zelaieta eta Unai Mendizabalek.
Bertan ikertu eta salatu zituen bi kasu nagusiak aletu ditu Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioko presidente ohi Ainhoa Intxaurrandietak. Ez sinesteko moduko kontakizuna: legez kanpoko kontratuak, enpresa pribatuen milioi eurotako proiektuak egitera behartutako funtzionarioak –ondoren enpresa pribatuek fakturatzeko lana–, dokumentuen lapurretak, lapurraren bahiketa eta tortura salaketa faltsuak lapurreta salatu zuen Intxaurrandietaren aurka, eta askoz gehiago. Gurean eta gaur gertatutakoak, EAJren, enpresarien eta bankuen eskutik. Zelaietak azaldu du fiskaltzek, poliziek edo legebiltzarrek ustelkeriaren aurka borrokatzeko baliabide falta interesatua dutela, izebergaren punta soilik ikusten dugula. Ustelkeriaren aurkako ADI! Elkarteko Unai Mendizabalen ustez arazoa halere ez da –soilik– EAJ, arazoa da boterea eta publikoa zertarako erabiltzen den gure jendartean oro har: herritarren dirua esku pribatuetara bideratzeko. Pasa dira erraustegia, Bidegi, De Miguel, Epsilon, Alonsotegi... eta Euskal Oasiaren kontakizuna ez da pitzatu. Ezinezko helburua? Ez, Zelaietaren ustetan. Gauden tokitik kilometro gutxira dagoen Lemoan, “jeltzaleen feudo historikoan”, ustelkeria “gogor” salatu zuten herritarrek, eta EAJk alkatetza galdu du azken bi legegintzalditan.