Jacques Chirac lehendakari-ohiaren heriotzak estali du Paristik 80 kilometrora Rouen hirian gertatu den istripu kimiko izugarria: irailaren 26an autoentzako aditiboak ekoizten zituen Lubrizol konpainiaren usinak su hartu zuen, oso hurbil dauzkan hiritarrak ikaratu eta oraindik neurria hartu ez zaion kutsadura zabalduz inguruan. Kilometro askoko inguruko nekazariak harrapatu ditu kutsadurak: agintariek debekatu diete beren ekoizpenak kontsumitu edo merkaturatzea.