“8 urteko alabari bularra ematen nion lotara joan aurretik. Gau batean, titiak ukitzen ari nintzela, zein emango nion jakiteko, kozkor bat nabaritu nuen. Ikaratu egin nintzen eta alabak ukitzeko eskatu zidan. Esan zidan ama, titi barruan trapu batean bildutako kanika bat daukazula dirudi. Bai, trapu bat eginda utzi nauen kanika.” Garbi dago eta frogatu egin dugu, minbizia duzula dakizunean beldur eta galdu sentsazioak betetzen duela zure gorputza. Eta horrek badu justifikazio bat: oraindik gaixotasun hau inguratzen dituen tabu handiak!
'Min(bizi)' Inurri Elkartearen podkast saio berria da. Diagnosia jaso zutenean entzun nahiko zuketeen informazioa eta bizipenak bildu dituzte bederatzi ataletan. Olatz Mercaderrek gidatzen du saioa, eta adituak zein minbiziaren prozesua gorpuztu dutenak gonbidatu dituzte.