“Minbizia ez delako arrosa, marroi izugarria baizik” diote Inurri elkarteko kideek, eta egin duten podkastean argi utzi dute pink baino punk izango direla. Diagnosia jaso zutenean entzun nahiko zuketeen informazioa eta bizipenak bildu dituzte bederatzi ataletan. Olatz Mercaderrek gidatzen du saioa, eta adituak zein minbiziaren prozesua gorpuztu dutenak gonbidatu dituzte.
Lehen saio honetan minbizia jendartean nola ikusten den aztertu dute eta euren bizipenetatik abiatuta, argi utzi dute ez dela errealitate berdina minbizia bizi duten pertsona guztiena. Emakumea izatea, zure joera sexuala eta erlijiosoa, zure jatorria, zure gizarte-maila, zure ikasketa-maila, zure gorputzaren funtzionaltasuna. Horiek guztiek zuzenean eragiten dute minbizia nola pasatzen duzun, bizitzan gertatzen den bezala.