Gaurko sendabelarra eztul-belarra (Tussilago farfara) izango da, eztul-belar hostoa. Izan ere, eztula entzuten hasi garen sasoian gaude. Eztula egiteko gogoa etortzea da saio hau egiterakoan izaten dugun beldurrik handienetakoa eta karamelua aldamenean izaten dugu; ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula jendaurrean ari garenean eztul eraso gelditu ezina. Baina eztulak ere ezberdinak daude, eta bakoitzarentzat erremedio ezberdinak aipatu ditugu.
Eztul belarraren hostoak aberatsak dira muzilagotan, inulinatan, flabonoideetan, azido malikotan, taninotan, fitoesteroletan, potasio nitratotan eta zink gatzetan. Printzipio aktibo hauek arnas-bideetako erretasuna eta hantura kentzeko gaitasuna dute, eztula sorrarazten duen espasmoa gelditzeko gai dira eta immuno estimulatzaileak ere badira.
Birika eta bronkioetako mintzak baretu, indartu, garbitu eta sendatzen ditu: hala, katarroa, marranta, asma, laringitisa, bronkitisa eta biriketako gaitzetarako egokia da, eta eztula izan edo ez, erabili dezakegu.
Iluntasunari aurre egiteko sendabelar bati buruz ere aritu gara: Santio-belarra edo hiperikoa, hain zuzen (Hypericum perforatum). Urteko egunik ilunenetakoak ditugu hauek eta askori ongi etorriko zaigun informazioa da honakoa. Hala ere ez dugu liluran erori behar, kontrakotasunak badituelako eta ez delako denontzat egokia. Eguzkiaren indar arketipikoa du lore honek eta Matthew Becker belargileak esan ohi duen bezala: eguzkiaren energia eta beroa gure gorputzera ekartzen ditu, batez ere gure psikera.
Lore lehortu berriekin tintura egin eta tintura hori txokolate berotan hartzea proposatu dugu saioan, terapia ez baitago beti modu desatseginean egin beharrik. Udan, eguzki berotan, lorea oliotan beratu eta oleatoa egitea ere ideia bikaina da. Sesamo oliotan egin eta urte sasoi honetan, gauez, gorputz osoan masajea emanez igurztea ere proposatu dugu. Hau ez da orain prestatu dezakeguna, oleato hau egiteko lore freskoa behar dugulako batetik eta kasu honetan garrantzitsua delako eguzki bidezko beratzea duen oleatoa egitea. Datorren udan presta dezakegu eta negurako prest eduki.