Gipuzkoako Zaldibia herrian hasi zen dena, bai. Herriko ikastetxe bakarrean ‘Euskara eta kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan’ egitasmoa jarri zuten abian, gero herri osora hedatuko zena. Tarte txikian beste hemeretzi herritara zabaldu da proiektua. Neurri handi batean elkarri bizkarra emanda bizi izan diren gurasoak, autoktono euskaldunak eta jatorri atzerritarrekoak, aurrez aurre begiratzen hasi dira, eta elkar entzuten. Lehen urratsa da egiteke dagoen kulturartekotasunaren ibilbide ezezagunean.
Onintza Irureta kazetariak proiektu honen nondik norakoak aletu eta bertan parte hartzen ari direnen testigantzak bildu ditu maiatzeko Larrun aldizkarian, eta bertako gako nagusiak kontatu dizkio Gorka Peñagarikanori.