Erreproduzitu bideoa
erreportajea
Petti - Udaberriko Uzta 2022
2022-04-11

EHKolektiboak antolatutako Baserriko Uzta ekimenaren baitan ospatu dute Udaberriko Uzta eguna apirilaren 2an Anizen, Baztango herririk txikienean. Oraingoan Azkarate Tomassone familiak kudeatzen duen Jauregia etxaldean jarri dute hitzordua eta Pettik jarri dio musika egun eder honi. 

 

Hemen duzue egunaren kronika:

Jauregia etxaldea Aniz herrian kokatzen da, Baztango bailaran. Elurrak bati baino gehiagori bertara iristea eragotzi badio ere, bertara iristean esfortzuak merezi izan duela jabetu dira. Ehun lagunetik gora bildu dira eta ongi etorria ematen Oihan eta Maider trikitilariak izan dira. Ondoren kirikoketa emanaldia eskaini dute Jo ala Jo elkartekoek, emanaldia amaitzean bertakoei jotzeko aukera luzatuz.

Josebe Blanco, EHKolektiboko kidearen hitzak eta gero, 11:30 inguru hasi da bisita gidatua. Bi taldetan banatuta, Mikel eta Aitorren azalpenak jarraituz, etxaldea, belaiak, behiak eta gasnategia bertatik bertara ezagutu dituzte bertaratutakoek.

Azken urteetan beren lan egiteko modua aldatu dute. 2004ean esnea kanpora saltzeari utzi eta esnekiak ekoizten hasi ziren: jogurtak, irabiatuak, gasna freskoa eta behi gasna. 2008an, estatuan aitzindaria izan zen makina jarri zuten eta esnea eta esnekiak salgai jarri zituzten. Ondoren, eta gaur egun arte, beren ekoizpena ekologikoa izatera pasatu da behien, lurraren, produktuen eta, nola ez, beren bizi kalitatea hobetuz.

Bisita amaituta, hamaiketakoaren ordua iritsi da. EHKolektiboaren produktuak dastatu dituzte: kalitatezko gasna, salda beroa, ogia eta sagardoa. Hamaiketakoa banatzean gonbidaturiko musikaria lekua girotzen hasi da. Pettik bazkal ordura arte eman du bere emanaldia, jangela gisa prestatutako lastotegian.

Ondoren sabelak betetzeko produktu ezberdinez osatutako menua dastatzeko unea iritsi da eta jendea bero mantentzeko, Hauspolariak bikotearen eskutik jarraitu du musika.

Lagun artean, dantzan eta kantuan, giro paregabean amaitu da eguna Anizen. Hurrengo uzta jasotzeko hitzordua Bizkaian dago jarria, data eta lekua oraindik zehazteke.