Oinharri eskola 2019an ernaldu zen Euskal Herrian, Brasilgo ENFFtik hazia ekarrita. Lehen barnetegia egin genuen orduan eta ordutik poliki-poliki sustraiak errotzen joan dira, formakuntza politikoaren inguruko eragileen artean lehenik, eta herri mugimendu zabalean gero.
Baztanen abiatu zen bidea, Euskal Herriko herri eta eskualde anitzetatik barna aurrera doa, lurralde osora zabaldu nahian. Abiadura biziko munduan, poliki-poliki gabiltza, pilulaz pilula, erreportaje honekin bezala, gure egitasmoa askotariko ahotsen bidez azalduta.
1. Gure begirada formakuntza politikoaz
Formakuntza politikoaz ulertzen duguna zeharo aldentzen da errealitate ankerra iraunarazteko ezagutu izan ditugun formakuntza prozesuetatik. Errealitatea eraldatzea xede duen ariketa bat den heinean, borrokaren barruan ematen da formakuntza, eta eskolaren bidez pentsatzen dugu, langile klasetik, askotariko subjekturen artean, modu kolektiboan, elkarrengandik ikasiz, praktikaren eta elkarbizitzaren bidez, biharko borrokak elikatzen ditugu.