2023ko azkeneko Baserriko Uzta Arbonako Agerrea baserrian egin zen azaroaren 18an. Ehun lagun inguru batu ziren bertan eta EHKOlektiboaren proiektua ezagutu eta MICEren zuzeneko kontzertuarekin belarriak gozatzeko aukera izan zuten.
Bertaratutakoek goizean etxaldearen inguruko azalpenak entzun zituzten Olivier Doyhenarden ahotik, eta etxaldearen inguruak bisitatu zituzten.Olivierren familiak Lapurdiko etxalde honetan 50 urte baino gehiago daramatza behi-esnea ekoizten. Lehen sistema konbentzionalean aritzen ziren, baina Olivier lanean hasi zenetik ekologikorantz urratsak ematen ari dira.
Etxaldearen inguruak arakatu eta gero, gerturatutakoek goizeko gosea asetu zuten gazta eta sagardo mokadutxoekin eta ondoren belarriak gozatu zituzten Miren Narbaiza MICEren zuzeneko kontzertuarekin. Segidan, EHKOlektiboaren eta inguruko eragileen produktuekin kozinatutako bazkari gozoa jateko aukera ere izan zuten.